ATZEKOZ AURRERA. HASHIM IBRAHIM. KABIAKO PARTE HARTZAILEA

«Lagun taldeak askotarikoak izatea nahiko nuke»

Kabia proiektuaren inguruan aritu da Ibrahim, baita migratzaileek kuadrilla batean sartzeko dituzten oztopoez ere: «Norberaren antzeko jendearekin elkartzeko joera dagoela uste dut».

Berria, Itsaso Jauregi, 16-03-2023

Lantxotegi elkarteak Kabia proiektua abiatu zuen uztailean, 18 eta 30 urte bitarteko gazte migratzaileen eta Euskal Herrian jaiotakoen arteko harremana sustatzeko asmoz. Gazte horien artean dago Hashim Ibrahim (Takoradi, Ghana, 2004). Lagun berriak egiteko asmoz, egitasmoan izena eman zuen, eta, harrezkeroztik, Kabiak antolatzen dituen ekintza guztietan parte hartzen du.

Noiz iritsi zinen Iruñera?

Duela urtebete etorri nintzen Ghanatik, eta lau hilabetez kalean lo egin nuen.

Eta Kabia proiektura?

Sortu zuten hilabete berean sartu nintzen, uztailean. Eskaintzen dituzten eskolekin hasi nintzen.

Nortzuk zarete parte hartzaileak?

Elkar ezagutzen ez dugun pertsonak biltzen gara. Whatsapp talde bat sortu genuen, eta hamabost egunean behin Katakraken elkartzen gara. Kultura berriak ezagutzen ditut, eta nire iritzia aldatzen dut pertsona berriak ezagutzen ditudanean. Ekintza asko egiten ditugu; kontatzen hasiko banintz, ez nuke amaituko.

Bilkura honen ateak irekitzerakoan, zer aurkitu daiteke?

Katakraken mahai gainean kultur jarduerak daude, gure artean hitz egiteko eta elkar ezagutzeko jolasak. Jarduera asko egiten ditugu, eta horiei esker jende eta leku berriak ezagutzen ditut; bizitzeko modu desberdinak. Ekimen honi esker ezagutu ditut nire arazoak eta kezkak partekatzeko aukera eman didaten pertsonak; laguntzen didaten pertsonak.

Zein da parte hartzaileek komunean duzuen ezaugarria?

Guztiok ditugu erreferente kultural desberdinak, eta partekatu nahi izateak batzen gaitu. Denok dugu istorio bat eta hori kontatzeko gogoa. Lehen, errudun sentitzen nintzen: gaztelera ez nuenez menperatzen, ezin nuen jendearekin hitz egin. Baina orain oso erraza zait taldearekin hitz egitea eta ekintzak egitea.

Kabiatik kanpo harremana mantentzen duzue?

Bai. Hemengo gazte askorekin mendira joaten naiz asteburuetan. Batzuetan nire bila etortzen dira etxera. Iaz haiekin joan nintzen igerilekura, eta elkarrekin kozinatu genuen. Gauza asko egin ditugu elkarrekin.

Zapore berriak partekatzen dituzue, beraz?

Bai. Txandak egiten genituen janaria prestatzeko, eta bakoitzak bere herrialdeko jakiak prestatzen zituen. Kabiaren jarduera horri esker gastronomia berriak ikasi nituen, zapore berriak. Europako beste herrialde batzuetako jakiak egiten ikasi nuen, eta, orain, etxean ere kozinatzen ditut. Gehiagotan egin nahiko nuke hori.

Zein da kuadrilla hitza entzuterakoan bururatzen zaizuna?

Kuadrilla hitza entzun nuen lehenengo aldian, esanahi asko okurritu zitzaizkidan. Ingelesez gang hitzak kutsu negatiboa du [kuadrilla edo banda esan nahi du], eta hobe izaten da horietatik urruntzea. Ez nuen ulertzen. Baina esanahia galdetu nuen, eta lagun taldea esan nahi zuela esan zidaten.

Kuadrilla batean sartzea erraza da, zure ustez?

Niretzat erraza izan da; beste batzuentzat agian ez. Egia da hasieran nire herrialdeko pertsonekin bakarrik elkartzen nintzela; norberaren antzeko jendearekin elkartzeko joera dagoela uste dut. Iruñeko jendeak ez du gure errealitatea ezagutzen; hortaz, errazagoa da gure artean elkartzea. Baina Kabiari esker hori aldatu da. Orain Iruñeko lagun taldeak maite ditut.

Zein da zure ametsetako kuadrilla?

Nik nahi dudana da lagun taldeak askotarikoak izatea; bakoitzak beste kultura bat izatea. Hori maite dut. Gainera, taldekide bakoitzak hizkuntza batean hitz egiten badu, hori ikasteko aukera ere badut.

Zer esango zenieke Euskal Herrian jaiotako gazteei?

Aukera gehiago emateko migratzaileei. Egia da, oro har, beste kultura batzuen bila joan naizenean beti aurkitu dudala ni laguntzeko prest dagoen norbait. Galderaren bat izan dudanean beti erantzun didate.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)