Migratzaileak
Italiari egotzi diote 30 migratzaileren heriotza
Gobernuz kanpoko Alarm Phone erakundearen arabera, Erromak ez zuen erreskate operaziorik abiatu, migratzaileak arriskuan zeudela jakin arren. Erreskatatu ahal izan dituztenak Libiara itzularaziko dituztela salatu dute.
Berria, , 13-03-2023Asteburuan 47 pertsona zeramatzan txalupa bat hondoratu eta gutxienez 30 lagun hil dira Libiako kostaldean. Alarm Phone gobernuz kanpoko erakundeak jaso zuen lehen laguntza deia larunbat goizaldean, eta Maltako, Italiako eta Libiako kostazainei eman zien gertatzen ari zenaren berri. «Egoera kritikoa zen. Txalupa noraezean zebilen. Itsasoa oso zakar zegoen. Txalupan zegoen jendea oihuka ari zen laguntza eske», azaldu du erakundeak idatzi batean, eta salatu dute Itsasoko Erreskateak Kudeatzeko Italiako Zentroak ez zuela ezer egin «beranduegi» izan zen arte.
Lehen deia egin eta ordubetera erakundeak eskatu zion Italiari agindu ziezaiola handik gertu zegoen kargaontzi bati migratzaileei laguntzeko. Baina ez zen agindurik heldu eta itsasontziak bere bidean jarraitu zuen. Sare sozialetara jo zuen erakundeak jarraian, baina han ere ez zuen erantzunik jaso. Bederatzi ordu beranduago Sea Watch gobernuz kanpoko erakundeak eman zuen bigarren abisua eta egoeraren larriaz ohartarazi zituen Italiako agintariak.
Orduek aurrera egin ahala hainbat kargaontzi gerturatu ziren txalupa zegoen ingurura, baina zaintza lanak soilik egin zituzten, ez zutelako migratzaileak erreskatatzeko baimenik. «Beste behin Italiako agintariek saihestu egin zuten migratzaileak jasotzea, modu horretan Libiako kostazain deiturikoek atzeman eta ihes egitera behartu zituen egoera tamalgarrira itzul zitzaten», salatu du Alarm Phone erakundeak. GKEaren arabera, hasiera batean Libiako agintariek jakinarazi zuten ontzi bat bidaliko zutela migratzaileak erreskatatzera, baina gerora esan zuten ez zutela baliabiderik laguntza bidaltzeko.
Igande goizaldean hitz egin zuten GKEko kideek ontzian zihoazen migratzaileekin, lehen abisua eman eta 24 ordu baino gehiago igaroak zirenean: «Akituta zeuden; itxaropena erabat galduta zuten. Oihuak eta negarra entzuten zen telefonoaren beste aldetik». Handik ordubetera berriz deitu zuten txalupara, baina ez zuten erantzunik jaso.
«Italiako uretatik kanpo»
Bestelakoa da Erromak eman duen azalpena. Italiako Gobernuko iturrien arabera, Libiako kostazainen ardura zen erreskatea egitea, ontzia bere uretan zegoelako. Baina hark jakinarazi zuenean ezin izango ziela migratzaileei lagundu, txalupatik gertuen zeuden kargaontziei eskatu zieten migratzaileak jasotzeko. Baina itsasontzietako bat gerturatu zenean irauli egin zen txalupa eta dozenaka lagun itota hil ziren. Desagertutzat eman dituzte.
Italiak migratzaileekiko duen jarrerak kritika ugari jaso ditu joan den otsailean beste ontzi bat hondoratu eta ia 80 migratzaile itota hil zirenetik.
(Puede haber caducado)