Bangladesh

Milaka errefuxiatu rohingya aterperik gabe geratu dira, sute baten eraginez

Milaka iheslari bizi diren kanpaleku batean piztu da sutea, Bangladesh hegoaldean.

Berria, Berria, 06-03-2023

Myanmarko agintarien jazarpena dela-eta herrialdetik ihes egin behar izan duten milioika rohingya errefuxiatu gisa bizi dira Bangladeshko kanpalekuetan. Horietako batean, Cox’s Bazar hirikoan, sua piztu zen atzo, eta milaka errefuxiatu aterperik gabe geratu dira.

Milioi bat errefuxiatu bizi dira kanpaleku horretan. Etxolak banbu egurrez eta plastikoz eginak zeuden, eta sua berehala zabaldu zen. Denera, 2.000 etxola erre dira, eta 12.000 pertsona estalperik gabe daude orain. Edonola ere, agintariek esan dute printzipioz inork ez duela min hartu ezbeharrean.

Ez dakite zergatik piztu den sua, baina halakoak ez dira ezohikoak kanpaleku horretan, etxolak oso estu baitaude. 2021eko urtarrilaren eta 2022ko abenduaren artean 222 sute piztu dira rohingyen kanpalekuetan, eta horietako 60 nahita piztuak izan dira.

Larriena 2021eko martxoan piztu zen: gutxienez 15 pertsona hil zituen, eta 50.000 inguru aterperik gabe utzi.

Bangladeshko hego-ekialdeko Cox’s Bazarreko errefuxiatuak egoera oso makurrean bizi dira. MEP Munduko Elikadura Programak emaniko elikagaiei esker bizirauten dute. Joan zen astean salatu zutenez, Nazio Batuen Erakundeak murrizketa «suntsitzaileak» egin ditu laguntza horretan, eta egoera are makurragoa da errefuxiatuentzat. Bidalitako elikagaiak %30 murriztu behar izan dituzte, eta malnutrizioa zabaldu dela adierazi dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)