Migratzaileak

Gutxienez 60 migratzaile hil dira Italiako kostaldean

200 lagun zihoazen hondoratu den ontzian, eta desagertuta jarraitzen dute ehun inguruk. 50 erreskatatu dituzte.

Berria, Paulo Ostolaza, 26-02-2023

Migratzaileen beste ontzi bat hondoratu da Mediterraneo itsasoan: 200 lagun inguru barnean zituen ontzi bat izan da gaur Calabriako kostaldean hondoratu dena, Italia hegoaldean. Momentuz, haietako 60 gutxienez hil egin direla baieztatu dute, tartean, hainbat haur; desagertuta jarraitzen dute ehun inguruk, eta 50 erreskatatu dituzte. Ospitaleratu egin dituzte haietatik 22, bat egoera larrian.

Erreskate zerbitzuek jakinarazi dutenez, arroken aurka jotzean zatitu da bitan ontzia. Gainkarga handia zuen, eta eguraldia oso txarra zen. Lanean jarraitzen dute desagertutako lagunak topatzeko, eta erreskatatutakoak artatzeko. Lehen susmoen arabera, migratzaileak Irangoak, Pakistangoak eta Afganistangoak dira, eta ontzia duela lau eguna atera zen Turkiako Esmirna hiritik.

Vincenzo Voce Crotona hiriko alkateak adierazi duenez, gaurkoa «sekulako tragedia da, eta litekeena da hildakoak askoz gehiago izatea».

Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak ere hitz egin du gertatutakoaz, eta hitzeman du legez kanpoko migrazioaren aurkako legeak gogortuko dituela. Dolua azaldu du «pertsonen trafikoaren ondorioz» hil direnengatik, eta esan du bere gobernuak erabateko konpromisoa duela «horrelako tragediekin amaitzeko». Elkarlana eskatu die migratzaileen jatorriko herrialdeei.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)