Mikel San Sebastian (Aita Mari): «Asteburuan irtetea espero dugu»
Aita Mari ontziak itsasora irteteko baimena du. Astebururako aurreikusi dute Mediterraneoan barneratzea, eguraldi baldintzen arabera.
Gara, , 09-02-2023Castellongo portu zuzendaritzak itsasora irteteko baimena eman dio Aita Mari ontziari. Hala baieztatu du NAIZ irratian eskifaiako kide den Mikel San Sebastianek. «Baimena jaso dugu. Lehengo astean egin genuen berrikusketaren ondorioz, inspektoreak eta Castellongo kapitainak zorionak eman zizkigun Aita Mariren egoera ona dela eta». Soilik eguraldiak baldintza dezake irteera. «Kapitainak eguraldia ikusi ondoren esango digu. Irteera asteburu honetan bertan izatea espero dugu», erantsi du.
«Pozik» jaso dute erabakia. Hala ere, ezekoaren beldur ziren. Ikuskapenetan, «erabaki politikoengatik» baiezkoak ala ezezkoak etor daitezkeela, deitoratu du San Sebastianek.
Bederatzigarren misioak jarraipena emango die aurrekoei. Helburutzat dute «noraezean dauden errefuxiatuak lagundu eta portu seguruetara eramatea». Iñaki Goñi medikuak euren lana burutuko dutela berretsi du, lehorrean topatuko dituzten zailtasunez gaindi. «Portuetan topatuko dugun egoera ezezaguna da. Gure lana egingo dugu, eta espero dugu agintariek eurena egitea».
Erreskate teknika eta harreta protokolarioetan jarri du fokua azken orduetan eskifaiak. «Prestatuak» daudela deritzo Iñaki Goñik, bere bigarren misiora bidean. Aldiz, Mikel San Sebastianentzat lehen aldia izango da.
Italiako espedientea
Aita Mari ontziari zabalduriko zigor espedienteaz, Mikel San Sebastianek zehaztu du, portu ezberdinetan gauzatzen den kontrol berdina baliatu zela, ontzia ahal bezain beste geldiarazteko. «Inspekzio gogorrak egitea Italiaren estrategia zen, itsasontziak ahalik eta denbora gehien geldirik egoteko».
(Puede haber caducado)