«Erraz kritikatzen dugu kanpoan gaizki egiten dena; ez hainbeste gurean egiten dena»

Urruneko mugak begiratzen dira askotan, eta gertukoak ez direla begiratu nahi izaten esan du gaurko gonbidatuak, Malen Garmendia Gomezek, eta haren ibilbidean zehar ikusi eta ikasitakoak kontatu ditu.

Gara, Naiz Irratia, 31-01-2023

Askotan entzuten dira Aita Mari ontzia, Zaporeak eta SOS Arrazakeria beste hainbat eta hainbat elkarteren artean. Bakoitzak bere aldetik egiten du lana, eta horietako batean boluntario hasi zen gaurko gonbidatua. Zaporeak elkarteak, Lesbosen otorduak ematen ditu egunero, eta bertara joatea erabaki zuen. Beranduago, Kairos proiektuaren parte izatera pasatu zen eta gaur egun proiektuaren koordinatzailea da Malen Garmendia Gomez.

Aipatu du «injustizien aurren gizabanako bezala ardura bat zuela», eta horregatik erabaki zuela boluntariotza hastea. Hiru urtez bertan lanean aritu zen eta Moriako kanpalekua erre eta gero Kairos proiektua sortu zuen beste bi kiderekin. «Lesbosen zeuden emakumeen zaurgarritasun horren bidetik sortu genuen», eta horretan diardute gaur egun ere

Bestalde, Egipton ere emakumeen mutilazio genitalaren inguruko lanketa ere egiten ari dira. Herrialde horretan ez da legala ablazioa, baina horregatik beste bide batzuetatik egiten dutela azaldu du Garmendiak. Horren aurrean, aldaketa tresnak ematen dizkiete bertakoei: «Gizonezko gazteak dira giltza eta beraien esku dago etorkizuna, debaterako espazio bat eskaini diegu eta galdera eta zalantza asko dituztela somatu dugu».

Gertuko mugez gain ere aritu da Garmendia, irundarra baita, eta horregatik bertako Harrera Sarearekin ere kolaboratu izan du. «Erraztasuna daukagu kanpoan gaizki egiten dena kritikatzeko baina kosta egiten zaigu gurean gaizki egiten dena kritikatzea», beraz, aldarrikapenak egiteko egun bihurtu dute otsailaren 4a eta Irungo mugan elkarretaratzea egingo dute. Gainera, memoria ere egingo dutela esan du, «mugetan zer gertatzen ari den hausnartzeko».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)