Arana klinikaren polemika amaituko duela dio Jaurlaritzak

Zupiriak azaldu du «konpromisoa» dutela migrazio gaietan lan egiteko, eta neurriak hartu dituztela

Berria, Berria, 25-01-2023

GASTEIZ. «Migrazio arloko konpetentziak Espainiarenak dira, eta berak hartuko ditu erabakiak. Guk elkarrizketa eskatuko dugu». Horrela mintzatu zen atzo Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea Espainiako Gobernuak Gasteizen egin nahi duen nazioarteko babeserako harrera zentroari buruz. Azaldu zuen Arana klinikaren inguruan sortutako eztabaida amaitzeko konpromisoa hartu dutela Jaurlaritzako kideek. «Erakunde askoren arteko lana behar da gai honi erantzuteko. Elkarrizketa, koordinazioa eta lankidetza beharrezkoak dira».

Nabarmendu zuen migrazio arloko konpetentziak Espainiarenak badira ere zenbait politika Eusko Jaurlaritzak kudeatu behar izaten dituela. Horrek instituzioen arteko «etengabeko elkarrizketa» eskatzen du, «momentu honetan gertatzen ez den zerbait». Hala ere, Jaurlaritzak migrazio gaien gainean lan egiteko «konpromisoa» duela erran zuen Zupiriak, eta neurriak hartu dituztela: «Kontziente gara migrazio prozesuek eragiten dituzten zailtasunez, iheslarien egoeraz edo bakarrik heltzen diren adingabeen mugimenduaz».

Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak, berriz, azaldu du 2018an gertatu zen migrazio fenomeno bati erantzuten parte hartu zuela. Urte horren bigarren erdian 6.000 lagun inguru Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gelditu ziren denbora tarte batez, Bidasotik Iparraldera edo Europako bertze herrialdeetara joan baino lehenago. Fenomeno horri erantzun nahian, pertsona horiei aterpea bilatzen hasi zen Jaurlaritza. Arana klinika erabiltzeko baimena eskatu bazuten ere, azkenean ez zuten erabili, pentsatu zutelako ez zela egokia orduan zuten beharrari erantzuteko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)