Kultur arteko hezkuntzarekiko inplikazio gehiago nahi dute adituek

Eskoletan dagoen kultur aniztasuna aztertuko dute egunotan NUPeko udako ikastaroetan

Berria, 27-07-2006

Iñigo astiz

Iruñea

«Zer egin daiteke Nafarroako eskoletan kultur aniztasunari erantzun egoki bat emateko?». Hori izan zen atzo Benjamin Zufiaurrek eta Alicia Peñalvak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) udako ikastaroetan Iruñean planteatu zuten galdera. Biak dira NUPeko irakasle eta bien artean antolatu dute Eskola multikulturala Nafarroan; errealitateak eta perspektibak izeneko ikastaroa. Eskolek kultur aniztasuna kudeatzeko duten moduaz gogoeta egitea eta etorkizunerako zenbait irizpide ezartzea dute helburu. Horretarako bildu zuten atzo eskoletara Javier Moreno Ave Maria ikastetxe publikoko zuzendaria.

Zufiaurreren hitzetan, Ave Mariaren jarduna erreferente argia da kulturen arteko harremanean; esperientzia pilotua da Nafarroan. Espainiako Hezkuntza eta Zientzia Sailak lehen saria eman dio aurten kultur arteko hezkuntzaren alorrean. «Nafarroan, ordea, udaletxeek sari batzuk eman dizkiguten arren, geure lana ez digute aitortu», adierazi zuen atzo Morenok. Ikastetxearen inguruko jendeak – familiek, ikasleek, auzokideek eta abarrek – , aldiz, harrera ona egin diete.

URTEETAN GUTXIENGOEKIN. «Aurten jasotako sariak indar handia eman digu, azken urteotan egindako lana kontuan hartzen duelako». Morenok atzo adierazi zuenez, baina, ikastetxeak urte asko daramatza gutxiengoekin lanean. «Egun daukagun etorkinen boom – a hasi baino lehen, jada lan asko egina zuen geure eskolak eta horrek nabarmen erraztu ditu gauzak. Gaur egun, gainera, familia asko eta asko, bai etorkin familiak, baita bertakoak ere, biltzen dira gurera, daramagun kultur arteko hezkuntza proiektuek erakarrita».

Ijitoak eta etorkinak dira gaur egun ikastetxeko ikasleen %83, eta ehunekoa altua dela aitortu zuen Morenok. Iruñean bertan antzeko datuak dituzten ikastetxeak egon badaudela ere ziurtatu zuen, halere.

Zufiaurrek salatu zuenez, ordea, gutxik dauzkate Ave Mariaren antzeko kultur arteko hezkuntza politikak. «Zergatik ez dira ikastetxe guztiak inplikatzen Ave Mariaren moduko proiektu bat aurrera ateratzeko?». Galdera argia egin zuen.

Morenoren ustez, diru laguntza urriak egon daitezke horren atzean. Haien ikastetxeari laguntzak «tantaka» heltzen zaizkiola salatu zuen, eta erakundeak, oraindik, gai horrekin ez direla aski sentiberatu. «Zenbait herrialdetan, ikasle talde batzuetan, gelako bi irakasle daude, gizarte langileak… Hemen ere pixkanaka joan behar dugu hori lortzen, baina horretarako, noski, dirua lortzea beharrezkoa da».

GOGOA FALTA. Zufiaurrek argi du: «Gogo eta baliabide kontua da dena, erreferenteak egon badaudelako». Ave Maria ikastetxearen adibidea aipatu zuen lehenik, hurbilekoa delako, baina Eskandinaviakoa ere azaldu zuen. «Diru apur bat gehiago inbertituz gero, hango hezkuntza politikak hemen ere gauzatu daitezke». Zufiaurreren ustez, ordea, administrazioak ez du politika garbirik arlo horretan. Horregatik, erakundeen esperientziekin kritiko azaldu zen. Bere ustez, «marketin irizpideetan» oinarrituta erabakitzen dute zein sustatu eta zein ez.

Irakasleen konpromisoa. Horri ere garrantzia eman zion. Zufiaurreren ustez, eskola bakoitzak duen barne antolaketak eragin argia izan dezake horretan. «Azken finean, antolaketa horrek bultza ditzake irakasleak ikasgeletan ikusten duten kultur aniztasunari erantzun egokiago bat bilatzera. Horrek lan gehiago egitea esan nahiko du ziurrenik, eta lan orduetako ordutegietatik kanpo ere lan egin beharra, maiz». Lan horrek, baina, esker ona dauka ordainean. Ez hainbeste administrazioaren aldetik, baizik eta komunitatearen aldetik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)