Kuttun a la plage

Berria, 27-07-2006

FerMIn ETXEGOIEN

Aitak galarazi egin dio semeari Maite Kuttuna ikustea. Debekuarekin ez dela ezer lortzen dio amak, ordea, eta ikusten uzteko. Maite Kuttuna gorrotagarria, berriki ikusi zaitut nik lehen aldiz eta ez dut dezepziorik eraman, telesail honen kausaz espantuka hasi zirenak ongi ulertu baizik, a zer telesail zarpaila.

Umeendako kulebroi edo sugetzarra, irakurri nuen bere garaian, latinoamerikarra behar zuen beraz, eta bertakoez inguraturik nagoen honetan – Nafarroa zerealistan bainago – hausnarketa berri eta ezezagunetara eraman ninduen ohiko datuak, sugetzarrak handik etorri dira – eta: latinoamerikarren inguruan ditugun hainbat aurre – iritzi negatibo, jaun – andreok, bat datoz telebistako kulebroietan ageri ohi denarekin, o – o, klasismo, morrontza, matxismo, bapateko bortxakeria ohorea dela kausa, eta honelakoak.

Esan nahi baita: aldamenean egokitzen zaizun pertsonaren arrazaren arabera portaerak aldatzen hasi ez bazara, lagun, oraindik ere ez zaude arrazakeriaren zero eremuan. Esan nahi baita, ber gisan: Maite Kuttuna bezalako telesailak kulturalki gorrotagarriak iruditzen baldin bazaizkizu, lagun maitea, dagoenekoz bazaude arrazakeriaren minus bat eremuan, sinplea da.

Tira, nire hausnarketa pertsonalak dira, ez dira beste inori derrigor transferibleak, baina orain arte kontrakoa egin izan dugu Hego Euskal Herrian arraza kontuekin: beste arrazako ia inor gutartean bizi ez zenean, «euskaldunok ez gara arrazizta» bezalako esamoldeak ekarri ohi zituzten txosten ofizialek, eta gainera pentsatzen genuen frantsesak, esate baterako, gu baino arrazistagoak zirela. Zer esanik ez alemanak eta suitzarrak, denei transferitzen baikenien gurean, artean, gauzatu gabe geneukan arrazismoa, zertan gauzatu ez baitzegoen hemen (Espainia ez da beste arraza bat).

Maite Kuttuna, beraz, eta arrazakeria: telesail frantziarra balitz, eta badago bigarren mailako pertsonaia bat kolore bakar batez jantzita zein ilea tindatua joan ohi dena, oso frenchy berau; Maite Kuttuna frantziarra balitz, ariketa moralista autoparodiko bezain kitx baten aurrean geundeke menturaz, Rohmer dekonstruitua modu basatian.

Baina ez natzaizue hondartzatik ari. Minus zero, zereal eremutik baizik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)