Errefuxiatuak hartzeko zentroak aurrez aurre jarri ditu EAJ eta PSE
Urtaranek Madrili aurpegiratu dio «alde bakarreko» erabakia hartzea, eta Anduezak esan du Jaurlaritzak «aspaldi» ezagutzen zuela egitasmoa.
Berria, , 19-01-2023Errefuxiatuak hartzeko Espainiako Gobernuak Gasteizen eraiki nahi duen zentro berriak polemika bizia sortu du EAJren eta PSE-EEren artean. Aste hasieran jakin zen Espainiako Gobernuko Migrazioen Estatu Idazkaritzak erabaki duela Nazioarteko Babeserako Harrera Zentro bat irekitzea Gasteizen, Arana Klinikaren eraikin zaharrean. Eusko Jaurlaritzak, Bingen Zupiria eledunaren ahotik, eta EAJk berak egitasmoa baztertu dute; besteak beste, errefuxiatuei harrera egiteko Jaurlaritzaren ereduaren aurka doalako.
Polemika ez da oraindik baretu. Gorka Urtaran Gasteizko alkatea elkarrizketatu dute gaur Radio Vitoria irrati katean, eta salatu du Espainiako Gobernuak «alde bakarrez» hartu duela zentroa eraikitzeko erabakia. Adostasunaren eta elkarlanaren bidea jorratzearen alde egin du Urtaranek, baina deitoratu du Madrilek Aranako egoitza zaharrean eraiki nahi duen zentroa kontrako norabidean doala. Errefuxiatu eta asilo eskatzaileei harrera egiteko bestelako eredu bat defendatu du Urtaranek, «arta pertsonalizatua» sustatzen duena, hain justu. Aranan eraiki nahi den «makrozentroek», ordea, ez dute eredu hori bermatzen: «Gisa honetako makrozentroek pertsonen biltegiak dirudite, eta ez dute lortzen pertsona horien gizarteratzea». Urtaranek ez du uste polemika honek gobernu itunari eragingo dionik, baina eskatu du aurrerantzean bi bazkideren arteko «talkak» alboratu beharko liratekeela.
Radio Euskadin izan da Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia eta hari ere galdetu diote zentroaren inguruan. Anduezak zehaztu du ez dela etorkinentzako gunea, errefuxiatuentzat baizik, eta bertan «banakako arreta» emango dietela, eta, babesa emateaz gain, formazioa eskainiko zaiela, «integrazioa» errazteko. «Europak ezarritako irizpideei erantzuten die».
Gaineratu du polemikaren atzean EAJren hauteskunde interesak daudela, eta Iñigo Urkullu lehendakariak eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak «aspaldi» ezagutzen zutela proiektua, baina orain arte «isilik» egon direla. Jeltzaleen argudioak «eskuin eta eskuin muturretik oso hurbil» ikusten dituela gaineratu du. Hala ere, ez du uste proiektuak jeltzaleen eta sozialisten arteko gobernu ituna arriskuan jarriko duenik.
Elkarrekin Podemos-IU proiektuaren aurka agertu da. Miren Gorrotxategi bozeramaileak esan du «makrozentroek» ez dutela balio errefuxiatuei behar bezalako harrera egiteko, eta ez dela eredu aproposena pertsona horiei harrera egiteko
Itxaso: «Harrera sistema sendotuko du»
Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkariak ere zentro berria izan du mintzagai. Kritikak alboratu ditu; bereziki azken egunetan proiektua izendatzeko erabili diren hainbat hitz gaitzetsi ditu: «Makrozentroa, ghettizazioa edo pertsonen biltegia bezalako hitzek bizikidetza hondatu dezakete, eta ez diote erantzuten Europak onartutako harrera sistemaren errealitateari, ezta etorkizuneko proiektuei ere. Gainera, Espainiako eta Euskal Herriko gizarteak Ukrainako errefuxiatuen etorrera bezalako fenomenoen aurrean erakutsitako elkartasun eredugarria iluntzen dute».
Zentro berriaren ezaugarriei dagokienez, Itxasok azaldu du 350 plaza izango dituela, familiei arreta emateko pentsatuak egongo direla, lantalde profesional bat arituko dela lanean, eta prestakuntzarako, kirolerako eta ostaturako instalazioak izango dituela. Harrera sistemako baliabideen zerbitzuak ere eskainiko dira bertan, hala nola aholkularitza juridikoa, arreta psikologikoa, enplegurako orientazioa eta prestakuntza. Espainian beste hainbat harrera zentro eraikiko dira, eta guztiak, Gasteizkoak barne, Espainiako harrera sistema «sendotzen» lagunduko dute, Itxasoren arabera.
Molde horretako Hego Euskal Herriko lehen gunea izango da Gasteizkoa, eta Europako funtsekin finantzatuta egongo da. 14,1 milioi euro jarriko dira, eta 2024an zabalik egotea espero dute.
(Puede haber caducado)