Etorkinei mugak irekitzeko prest dago Europa

Berria, Berria, 22-01-2023

Euskal Herriko mugetatik harago doa langile eskasia, Europako herrialde gehienek egin behar baitiote aurre arazo horri. Gaur-gaurkoz, Europako Batasunean %3,1 da bete gabeko lanpostuen tasa, eta, langabezia tasa txikia den arren —%6 inguru—, sei milioi lanpostu inguru daude hutsik. Horri aurre egiteko neurrien artean bat gailendu da: langileak atzerrian bilatzea. Horretarako, herrialde batzuk mugak irekitzen hasiko dira.

Adibidez, Portugalgo Gobernuak bisa eskakizunak malgutu ditu portugesez hitz egiten duten kolonia ohietako langileentzat, eta Danimarkak jaitsi egin du EBtik kanpoko biztanleek lan baimena lortzeko izan beharreko gutxieneko soldata. Europako ekonomiarik handienen artean, arazoa bereziki larria da Alemanian. Bete gabeko lanpostuen tasa %4,3 da han. Irtenbide bila, aipatutakoen bide beretik jo du Olaf Scholzen gobernuak. Atzerriko tituluen homologazioa erraztu du, eta martxan jarriko du aukeren txartela izenekoa. Horri esker, Europatik kanpoko biztanleek bisa eskuratu ahal izango dute lan kontraturik izan gabe ere, eta, behin herrialdean daudenean, lana bilatzen hasi. Dena den, zenbait baldintza bete beharko dituzte hori eskatzen dutenek: 35 urtetik behera izatea, lan esperientzia duten profesionalak edo tituludunak izatea, eta alemanez hitz egitea.

Espainiako Gobernuak ere baldintzak malgutu, bereziki sasoikako langileentzat eta lana prestakuntzarekin uztartzen dutenentzat —prestakuntzagatiko errotzea deituriko lege figura sortu du—. Izan ere, 2009ko krisialdiaz geroztik nabarmen murriztu da lan baimena eskuratu duten etorkinen kopurua. Bi arrazoi aipatzen dira horri buruz: gehiegizko burokrazia eta lan baldintzen okertzea.

Confebaskeko enplegu arduradun Carlos Peredaren iritzian, «bide onetik» doaz araudian eginiko aldaketak, «baina ez dira aski». «Hurrengo urteetako langile falta betetzeko ezinbestekoa izango da immigrazioa, eta gaur egun ez dira behar beste etortzen». Haren iritzian, lanerako eta tituluak homologatzeko administrazioek jartzen dituzten «trabak» dira arrazoi nagusia.

Peredak aitortu du, halaber, kanpoko langileen etorrera handi batek «eragin kultural eta sozialak» izan ditzakeela, baina ezinbestekotzat jo du. «Ekonomia hobeto moldatzen da halako aldaketetara».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)