Guillaume Fauveauren argazkiak, Baionan geldialdia egiten duten migranteen lekuko
Mediabaskeko argazkilariak Baionako Pausa zentroan harturiko irudiez osaturiko erakusketa urtarrilaren 24ra arte ikusgai da L 'Atalante zineman.
Gara, , 10-01-2023Xuri-beltzeko hamabi argazkik osatzen dute ‘Pausa’ erakusketa, Baionako L’Atalante zinemako lehen solairuan, urtarrilaren 24ra arte. Guillaume Fauveau Mediabaskeko argazkilaria da lan honen egilea eta 2018an Baionako antzinako gordailu militar batean ireki zuten migratzaileentzako harrera zentroaren egunerokoa du ardatz.
«Erreportai hau 2019an egin nuen egunkarirako. Ikusitakoak arrunt hunkitu ninduen eta, beraz, gaia sakontzea erabaki nuen. Maiz, nire ofizioan, ez dugu gaurkotasun batera itzultzeko astirik, hor denbora hori hartu dut», azaldu du Guillaume Fauveauk.
Marokotik eta Espainiatik jinik, gero eta migratzaile gehiago igarotzen dira Euskal Herritik eta horregatik da beharrezkoa egunero 24 orenez zabalik dagoen lekua. Bertan, migratzaileek atseden hartzen dute, hiru gau igaro arte, berriro abiatzeko. «Pertsona horien egoera erakutsi nahi nuen, baina baita boluntarioen eta elkarteen lan garrantzitsua ere», adierazi du argazkilariak.
Alde estetikoan, argazkilariarentzat, xuri-beltzeko formatua foto-erreportaje handien tradizioan murgiltzeko manera bat izan da. Argia neutralizatzeko manera bat ere bada, kontrasteak azaleratzeko.
Erakusketaren inaugurazioa urtarrilaren 5ean egin zuten, L’Atalantek antolatu gaualdi berezi batekin. BABeko Etorkinekin kolektiboaren parte hartzea izan zen eta 1965az geroztik Hendaian bizi den Jose Vieria portugaldarraren ‘Nous sommes venus’ filma ere eman zuten. Erakusketa urtarrilaren 24ra arte ikusgai izanen da.
(Puede haber caducado)