24 pertsonaren «elkartasuna kriminalizatzen duen epaiketa» hasi da Lesbosen
Sarah Mardin, Sean Binder eta beste 22 ekintzaileen kontrako epaiketa hasi da gaur Lesbosen 2016 eta 2018 urteen bitartean Greziako itsasoan migratzaileei laguntza eskaintzeagatik. Europako Parlamentuaren txosten batek «elkartasuna kriminalizatzen duen Europako kasurik handiena» dela salatu zuen.
Gara, , 10-01-2023Hasi da «elkartasuna kriminalizatzen duen Europako kasurik handiena», Europako Parlamentuaren hitzetan. Gaur abiatu da Lesbosen Emergency Response Centre International (ERCI) gobernuz kanpoko erakundearen 24 kideren kontrako epaiketa. Tartean Sarah Mardini errefuxiatu siriarra eta Sean Binder urpekari alemaniarra daude.
Kaosa eta hasarrea nagusitu dira gaurko lehen saio honetan. Auzipetuetako bat eta bere abokatua falta zirenez, epaiketa ostiralera bitarte atzeratu egin dute. Espioitza leporatzen diete. Horrez gain, duela lau urte, Fiskalak beraien kontrako beste ikerketa bat zabaldu zuen «atzerritarren sarbide ilegala errazteagatik», «talde kriminal baten kide» izateagatik eta dirua zuritzeagatik. Delitu horiengatik 20 urteko kartzela zigorra ezarri diezaiekete.
Human Rigths Watch (HRW) eta Amnesty International (AI) erakundeek absoluzioa eskatu dute, eta epaiketa iruzurtzat jo dute. Epaiketa «akatsez josita dagoen» Greziako Poliziaren txosten batean oinarritzen dela salatu du HRWek.
Akusatuetako bat, Sarah Mardini, 2015ean Lesbosera errefuxiatu gisa iritsi zen neska bat da, bere arreba Yusrarekin batera, Siriako gerratik ihesi. Mediterraneoa zeharkatzen ari zirela, euren ontzia hondoratzen hasi zen; eta haiek, igerilari profesionalak izanik, itsasora salto egin zuten patera kostalderaino eramateko intentzioarekin.
Behin Alemanian, Yusra berriro entrenatzen hasi zen eta Rioko Olinpiar Jokoetako Atleta Errefuxiatuen Talde Olinpikoan aritu zen; Sarah Lesbosera itzuli zen laguntza humanitarioaren esparruan lan egiteko. Euren istorioa Sally El Hosainik zuzendutako ‘The Swimmers’ filmean kontatzen da.
2018an, Mardini eta Binder atxilotu egin zituzten. 106 egun eman zituzten espetxean, fidantzapean atera arte. Ondoren, Mardini Berlinera itzuli zen. Geroztik, Grezian sartzeko debekua du eta arrazoi hori dela eta ezin izan du gaur epaiketan egon.
2021ean, fiskalek leporatzen dizkieten delituen artean larriak eta arinak banatu zituzten, bigarrenak lehenago epaituak izan daitezen, gutxienez delitu horiek 5 urteko epea amaitu aurretik kontuan hartuak izateko. Momentuz, epailearen aurrera eraman dituzte bi boluntarioak, espioitza eta iruzurra egotzita.
Espioitza kargua irrati bidez Frontex eta Greziako kostaldeko guardiaren katea jarraitzeagatik egotzi diete. Hor lortutako informazioari esker lortzen zuten arriskuan zeuden migratzaileak zituzten ontziak identifikatzea. Hala ere, Poliziaren txostenak dio irrati arrunt batekin entzun daitezkeela kate horiek.
«Prozedura hori guztia zentzugabea da, itsasoan itotzen ziren pertsonei laguntzea da egin duten bakarra», azaldu du Carlos de las Heras Estatu espainoleko AI-ko kideak. De las Herasek nabarmentzen duen zentzugabekeria horretan, garrantzitsua da aipatzea Europako Parlamentuaren txosten batean azpimarratzen dela ERCIren eta haren boluntarioen aurkako kargu penalak funtsik gabekotzat jo direla.
«Espero dut Amnesty Internationalek esan duen bezala, oinarririk ez duen epaiketa hau bertan behera uztea epaileak», adierazi du Lebosen den irlandar jatorriko Grace O’Sullivan diputatu europearrak.
Ohartarazpen bat
Auzipetu eta gobernuz kanpoko erakundeen ustez, epaiketa hori ohartarazpen argia da, bai Grezian jarduten duten erakunde humanitarioentzat, bai haraino iritsi nahi duten migratzaileentzat. Praktika hori Estatu espainola edo Italia bezalako Europako beste muga batzuetara ere hedatzearen beldur dira GKE-ak.
«Sean, Sara eta gainerakoak auzipetu ostean, eta laguntza humanitarioa emateko esku hartzen duen edonoren aurkako kriminalizazio mehatxuarekin, Egeoko erreskate operazio ia guztiak eten dira. Erreskateak bertan behera gelditu dira, hain zuzen ere, Greziak migratzaileen aurka bere mugetan egiten dituen indarkeria jarduerak areagotu egin direnean; eta ez da kasualitatea», esan du Lorraine Lette abokatuak, Lesboseko Lege Zentroko koordinatzaileak. Erakunde honek, 2016az geroztik, doako lege laguntza ematen die Lesbosera itsasotik iristen diren migratzaileei.
«Errefuxiatuei lagundu nahi dietenak beldurtzeko epaitzen naute», adierazi du Mardinik. Binderrek ere iritzi bera du: «Ur botilak eta irribarreak banatzeagatik kriminalizatzen banaute, edonor kriminalizatu dezakete. Epaiketa hau ez da Sarah, ni edo gainontzeko 22 pertsonen aurkakoa. Jendearen errukia suntsitu nahi dute Greziako agintariek. Baina justizian konfidantza daukat, eta gure bizitzekin jarraitu ahal izango dugun itxaropena daukat».
(Puede haber caducado)