Futbola
Williamsen aurka oihu arrazistak egiteaz akusatutako zalea epaitu egingo dute
Hala erabaki du Cornellako bigarren instrukzio epaitegiko epaileak. Espanyolen zelaian jokatutako partidan jaso zituen Williamsek oihu eta irain arrazistak, 2020eko urtarrilaren 25ean. Bi urte arteko espetxe zigorra eta zelaietan sartzeko debekua eskatu du, besteak beste akusazioak.
Berria, , 10-01-2023Cornellako bigarren instrukzio epaitegiko epaileak ahozko epaiketa egiteko agindu du Iñaki Williamsen aurka oihu arrazistak egiteagatik akusatutako Espanyoleko zalearen aurka. 2020ko urtarrilaren 25an izan ziren oihu horiek, Athleticek Cornellan jokatutako neurketan. Hala, epaileak kontuan hartu ditu fiskalak eta Espainiako Futbol Liga Profesionalak aurkeztutako akusazio idatziak.
Bertan ahozko epaiketa egitea eskatzen zuten, baita akusatua zigortzea. Egiten zuten eskaria ondorengoa zen: bi urte arteko espetxe zigorra, isun ekonomikoa, futbol zelaietara sartzeko debekua, biktimarengana gerturatzeko debekua, eta bestelako gaitasun gabetze berezi batzuk. Akusatuari biktimaren duintasunari kalte egitea egozten diote, besteak beste. Lehen aldia da halako kasu batean ahozko epaiketa dagoela.
Williamsek 70 minutu jokatu zituen partida hartan, eta Raul Garciarengatik ordezkatu zutenean jaso zituen oihuak eta irainak. Espanyolen animazio harmailatik pasatzen ari zela izan zen. Norgehiagoka amaieran gertatutakoa salatu zuen Williamsek. “Triste noa. Inork ez luke halakorik bizi behar. Jendeak disfrutatzera eta bere taldea animatzera etorri beharko luke futbolera. Bestelako jendea soberan dago futbolean”.
Neurketan zehar Iker Muniain Athleticeko kapitainak gertatzen ari zenaren berri eman zion epaileari. Baina hark partidako aktan ez zuen ezer jaso, oihuak ez zituela entzun argudiatuz. Baina Espanyolek, Futbol Liga Profesionalak eta Poliziak ikerketa hasi zuten. Azkenerako atxilotu bat egon zen, eta hura da epaituko dutena. Hasiera batean Espanyolek hamabi zale identifikatu zituen. Horietatik bederatzi klubeko bazkideak ziren.
(Puede haber caducado)