Errefuxiatuek gero eta tratu txar gehiago pairatzen dituzte Turkiaren eta Greziaren arteko mugan
Erakunde humanitarioek migratzaileak mugan bertan kanporatzea leporatzen diete bai Atenasi eta bai Ankarari, errefuxiatuak legez kanpo atxilotzea, eta ez laguntzea bi herrialdeen artean harrapatuta geratzen direnei.
Berria, , 08-01-2023Turkiaren eta Greziaren arteko tirabira diplomatikoak handitzen ari diren honetan, nazioarteko erakundeak behin eta berriz salatzen ari dira nolako tratua ematen zaien herrialde batetik bestera igarotzen saiatzen diren errefuxiatuei. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak emandako datuen arabera, iaz, 18.778 pertsona inguruk zeharkatu zuten muga —duela bi urte 9.157 lagun izan ziren—; gehienak Palestinako errefuxiatuak ziren, eta haien atzetik zeuden Afganistangoak, Somaliakoak eta Siriakoak. Migrazioan adituak direnek adierazi dutenez, koronabirusaren pandemiaren inguruko murrizketak bertan behera utzi izanak eragin du migrazioak areagotzea, baina, horrez gainera, eragina izan du migratzaileen sorlekuetan ezegonkortasuna gero eta handiagoa izateak eta Turkian migratzaileen kontrako jarrera handitu izanak.
Erakunde humanitarioek urteak daramatzate salatzen giza eskubideak urratzen zaizkiela Turkiaren eta Greziaren arteko mugatik EB Europako Batasunera iristen saiatzen diren migratzaileei eta errefuxiatuei. Migratzaileak mugan bertan kanporatzea leporatzen diete bai Greziari eta bai Turkiari, errefuxiatuak legez kanpo atxilotzea, eta ez laguntzea Egeo itsasoan eta Evros ibaian —bi herrialdeen arteko muga naturala— harrapatuta geratzen diren migratzaileei. Atenas eta Ankara elkarren aurka ari dira zenbait krisi diplomatikotan, eta ukatu egin dituzte akusazioak. Are, batak besteari leporatzen dio tratu txar horiek egin izana.
«Europako Batasunak erabaki du migratzaile gehiago ez hartzea, migratzeko arrazoia edozein dela ere», adierazi du Migreurop sareko koordinatzaile Brigitte Espuchek. Azaldu duenez, Bruselak memorandumak sinatu ditu Europako Batasunetik kanpo dauden herrialde batzuekin, haiek har ditzaten migratzaileak, eta ez du kontuan hartu herrialde horietan giza eskubideak errespetatzen diren ala ez. «Turkian, esaterako, giza eskubideak ez dira errespetatzen, baina Greziak herrialde segurutzat jotzen du, eta EBk migrazio akordio bat sinatu zuen Turkiarekin 2016an. Libian ere gauza bera gertatzen da, eta akordio bat sinatu du Italiarekin, baita Ziprek eta Libanok ere», gehitu du.
Hala ere, Ankarak gero eta gehiago jartzen du auzitan Bruselaren eta Turkiaren arteko akordioa, hitzarmen horren alderdi batzuk ez baitira betetzen, hala nola Greziatik Turkiara kanporatutako siriar guztiak EBn geratzea. Greziako agintariek ere gogor kritikatu dute ituna, Grezia Europaren «ezkutu» gisa delako —hala esan zuen gobernuak—, eta milaka errefuxiatu hartzeko egiturarik ez dagoelako. Bestalde, Turkiarekin dituzten tirabirak larritu egin dira, eta beldur dira ez ote dieten mugak irekiko errefuxiatuei; hori dela eta, Greziak hesi bat eraiki du Turkiako lurreko mugak dituen 27 kilometroetan.
Azken hilabeteotan, nazioarteko zenbait hedabidek argitara eman dituzte muga horretan tratu txarrak pairatu dituzten errefuxiatu batzuen kasuak, izen-abizenak eta jatorria ere emanda. Urrian, 92 errefuxiatu biluzik agertu ziren ibaiaren Greziako aldean: jipoia hartuta zeuden, eta ezertxo ere gabe, lapurtu ere egin baitzieten. Greziak Turkiari egotzi zion gertatutakoa, eta «zibilizazioarentzat lotsagarria» izatea leporatu.
Ankarak, berriz, Atenasi eskatu zion «errefuxiatuen aurkako jarrera ankerrak amaitzeko». Bi hilabete lehenago, 5 urteko neskato bat hil zen, ontzi batean ez atzera ez aurrera egonarazi baitzuten egun batzuetan, bi herrialdeen arteko mugako eremu militar batean.
Frontexen lana
Joan den udan, Frontex Europako mugako kontrolerako agentziako zuzendari Fabrice Leggerik dimisioa eman zuen, jakin zenean Mediterraneoan etengabe urratzen direla giza eskubideak, mugan bertan kanporatzen baitituzte migratzaileak. Ikerketa batzuen arabera, mila errefuxiatu inguru itzularazi dituzte legez kanpo 2020ko martxotik 2021eko irailera bitarte. Eva Cosse HRW Human Rights Watcheko ikertzaileak salatu duenez, nahiz eta Frontexek baieztatu duen «iraganeko jardunbideak» direla halakoak, gaur egun ere egiten dituzte halako kanporatzeak, erakundearen azken txostenean erakutsi dutenez.
Lesbosko AMKE Lege Bulegoaren esku dago Lesbosen errefuxiatuen eskubideen urraketa monitorizatzea. Lesbosera joaten dira Turkiatik iritsitako errefuxiatuetako batzuk, eta, AMKEk txosten batean salatu duenez, «indarkeria fisikoa eta beste ekintza anker batzuk» gertatzen dira han oraindik ere; besteak beste, salatu du ondasun pertsonalak lapurtzen dizkietela errefuxiatuei, eta nahieran atxilotu eta kanporatu; batzuetan, itsasoan abandonatuta utzi ere bai.
HRWek eta Turkiako tokiko erakunde batzuek salatu dute ehunka errefuxiatu siriar atxilotu eta deportatu dituztela aurten, batez ere gizonak eta haurrak. Errefuxiatu horiek modu arbitrarioan atxilotu zituzten, eta gutun bat sinatzera behartu, adieraz zezaten beren borondatez itzuliko zirela sorlekura.
Uda amaieran, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak iragarri zuen plan bat egingo zutela, milioi bat errefuxiatu siriar beren borondatez itzul zitezen Turkiako militarren kontrolpean dauden eremuetara. HRWek ehunka siriar elkarrizketatu ditu: etxean atxilotu zituzten, haietako batzuk jipoitu, eta Siriako mugara eraman. Ankarak ukatu egin du gertatutakoa, eta gehitu iheslariak beren borondatez itzuli direla.
(Puede haber caducado)