Aita Marik lanean jarraituko du Italiaren oztopoen gainetik

Italiak are gehiago gogortu ditu itsasoko uretan migranteak erreskatatzeko baldintzak. Isunak eta ontzien konfiskatzeak aurreikusi ditu arauak errespetatzen ez dituzten erakundeentzat. Kezkatuta mintzatu da Aita Mari eskifaia.

Gara, Ainara Rodriguez, 04-01-2023

Aurrerantzean ontziek portu seguru bat eskatu eta harantz nabigatu beharko dute erreskate bat egin eta berehala, atzerapenik gabe. Ezin izango dute itsasoan zain geratu, noraezean edo laguntza behar duen beste ontzirik ikusten ote duten zelatan.

Aita Mari ontziko kideek «kezkatuta» jaso dituzte neurri berriak. Isabel Egiguren kideak NAIZ Irratian azaldu zuenez, erreskate ontziek «beti» izan dute zaila euren lana aurrera eramatea, baina «Georgia Meloniren Gobernuarekin areagotu» egin da. Nolanahi ere, oztopoak oztopo, gauza bat argi utzi zuen beste ezeren gainetik: «Itsasontzi guztiak aterako dira. Aita Mari ere hemendik hilabete inguru itsasoratzea espero dugu. Horretarako izapideak bizkortzen ari gara. Eskifaia prest dago, eta boluntarioak ere bai». Italiak kaleratu duen dekretuaren aurrean legalki zein bide dituzten aztertzen ari dira.

Bestalde, Aita Mariko kideak gogoratu zuen Italiako Gobernuak dekretu bat kaleratu zuela joan den azaroan eta horrekin «lehorreratze selektiboak» gauzatu zituztela; «bazekiten legez kanpokoak zirela, baina egin egin zituzten. Orain dekretu honekin jarraitu nahi dute».

Aita Mari ez da handia, 150 bat lagun jasotzeko edukiera du, eta hiruzpalau egun egiten dituzte Mediterraneoko uretan erreskate lanetan. Baina badira ontzi handiagoak, 400 laguneko edukiera izan dezaketenak; horiei lana erruz zailduko zaiela esan zuen.

Gainera, beste gai bat ere mahai gainean jarri zuen Egigurenek: «Beste tranpa bat ere egin dute azkenaldian: lehen Sizilian porturatzen ginen, baina orain, kontinenteko portuetan. Horrek esan nahi du denbora gehiago behar izango dugula portura ailegatzeko, eta, beraz, denbora galduko dugula.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)