INDARKERIA MATXISTA

Bi emakumek salaketa jarri dute Baionako errugbilari baten aurka

Bi emakume gaztek salaketa jarri dute Pascal Coteten aurka. Batak erran du Pascal Cotetek jo duela, eta besteak, bere aurkako irain arrazistak erabili dituela.

Berria, Garazi Aduriz Zuñeda, 20-12-2022

Bi emakume gaztek salaketa jarri dute Pascal Cotet Aviron Bayonnaisko errugbilariaren aurka. Sud Ouest egunkariaren arabera, abenduaren 5ean jarri zuen emakumeetako batek salaketa, Baionako komisarian. Bereganako bortizkeria fisikoa erabili izana leporatzen dio errugbilariari. Bigarren lagunak astelehenean jarri zuen salaketa, irain arrazistak egin dizkiola erranez.

Egunkariaren arabera, Miarritzeko (Lapurdi) diskoteka batean jazo zen erasoa, abenduaren 3ko gauean. Biktimek kontatu dutenez, gaualdian hainbat irain arrazista erabili zituen hiru emakume gazteen aurka. Ondotik, errugbilariaren lagun taldea eta hiru emakumeak bakoitza bere autora zihoazela, emakumeetako bat jo zuen errugbilariak.

Hiru emakume gazteak jada entzunak izan dira lekuko eta biktima gisa, Miarritzeko komisarian. Pascal Cotet errugbilaria ere konbokatua izan zen lehen aldikoz abenduaren 12an. Sud Ouest egunkariaren arabera, emakume bati zartako bat eman izana onartu du, baina irain arrazistena ukatu egin du, argudiatuz ez dela oroitzen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)