Zarautz

Zarautz Abesbatzako hiru taldeen Gabon Kontzertu Solidarioa, hilaren 17an

Frantziskotarren elizan izango da iluntzeko 20:15ean eta Hotz Zarautz gobernuz kanpoko erakundearen aldekoa izango da

Diario Vasco, JUAN MARI ZUBIAURRE Zarautz, 09-12-2022

Hilaren 17an, bihar zortzi, Zarautz Abesbatzako hiru taldeen Gabon Kontzertu Solidarioa egingo dute Frantziskotarren elizan iluntzeko 20:15ean hasita. Ez da lehen aldia Zarautz Abesbatzak honelako emanaldi bat egiten duela.

2018an Munduko Begiak erakundearekin izan zuten esperientzia oso ona izan zela adierazi zuen aurkezpenean Jaione Eskuderok, Visson dendan egindakoa. Denda itxita dago baina egun Hotz Zarautz gobernuz kanpoko erakundeak bigarren eskuko gauzak eskaintzen ditu euren proiektuentzat dirua ateratzeko asmoarekin.

Orduko esperientzian sentsibilitatea landu zuten elkarlanean abesbatzak eta Munduko Begiak erakundeak eta jendearen erantzuna oso ona izan zen. Hori ikusita eta azken urteetan pandemiak honelako ekimenak baztertu egin dituenez, orain abesbatza bera izan da proposamena Udalera eraman duena eta Patxi Elola gai hauetaz arduratzen den zinegotziak Hotz Zarautz erakundearekin harremanetan jarri ondoren kontzertu hau burutzea erabaki dute.

Kontzertua
Abenduaren 17ko kontzertuak sarrera doakoa izango du eta irteeran kutxa bat izango da borondatea jasotzeko. Bertan kantuan Zarautz Abesbatza, Txinpirin eta Zarazte abesbatzez gain, Zarauzko Musika Bandako bost partaide izango dira kantu batzuetan laguntzen.

Aurreratu dutenez, gabon kanta berri batzuk estreinatuko dituzte kontzertu honetan eta amaiera kantu berezi batekin emango dute, elkartasun kantu berri batekin.

Hotz Zarautz
Hotz Zarautz gobernuz kanpoko erakunde zarauztar bat da eta honela aurkezten dute euren burua. «Gure ibilbidea 2016. urtean hasi zen. Hasiera batean, Zarauzko GKEen koordinadoratik pertsona errefuxiatuen alde elkartasun ekitaldiren bat egitera edo antolatzera mugitu behar genuela sentitu genuen, une hartan Siriatik ateratako hainbat eta hainbat pertsona errefuxiatu Greziako kostaldera iristen ari baiziren».

«Orduan martxan jarri ginen eta Grezian lanean zeuden beste erakundeekin kontaktuan jarri ginen hemendik bidalitako laguntza bideratzeko. Une hartantxe ere Gipuzkoako beste hainbat herrialdeetan elkartasun talde ezberdinak sortzen hasi ziren ‘HOTZ’ izenarekin eta hori dela eta Zarauzko taldeari ‘Hotz Zarautz’ izena ipintzea bururatu zitzaigun. Zarauzko herrian lagundu nahiz zuten guztiei deialdi bat egin genien eta hara non gure sorpresa, pertsona asko gerturatu zirela esku bat botatzeko asmoz».

Horren harira, eta «pertsona guzti horien borondateaz lagunduta, urte hartako Aste Santuak aldera Munoako karpa aprobetxatuz pertsona errefuxiatuen aldeko ekitaldiz betetako elkartasun asteburu bat antolatu genuen, erantzun bikainarekin. Eta handik aste batzuetara berriz, ikusita Greziako kostetan eta Atenas eta inguruetan milaka pertsona errefuxiatu egoera larrian zeudela, Zarautzen janari bilketa handi bat antolatu genuen, eta trailer bat betetzeko adina material jaso genuen. Momentu hartan ere gure elkarteko lau bolondres bertan izan ginen, kanpamentuetako errealitate gordina ezagutzen eta han lanean zeuden erakundeak zer lan egiten ari ziren ezagutzen».

2016. urteko udan Hotz Zarautz gobernuz kanpoko erakunde bezala sortzea erabaki zuten, helburu nagusi batekin: pertsona errefuxiatuek dituzten giza eskubideen alde lan egitea.

Helburu hau lortzeko, hainbat ildo lantzen dituzte. Batetik, pertsona errefuxiatuen egoera eta errealitatea zein den azaltzeko ekimenak antolatzen ditugu sentsibilizazio kanpainen bitartez, hauen artean: hitzaldiak (bai kanpamentuetan izan diren bolondresen testigantzekin baita gure artean bizi diren pertsona errefuxiatuekin), dokumentalak (‘Basotik Itsasora’ adibidez), pelikula emanaldiak (‘Nacido en Siria’, ‘Comandante Arian’) eta erakusketak ere antolatuz».

Eta bestetik, dirulaguntzak lortzen saiatzen dira pertsona errefuxiatuen beharrak asetzen laguntzeko, eta hau burutzeko, material eta janari bidalketak egin izan dituzte, lehen aipatu bezala, Atenas eta inguruetako pertsona errefuxiatuen kanpamentuetara, baita aurtengo urte hasieratik Ukrainako gerratea dela eta, Ukrainako Leopolis hirira. Bigarren eskuko anbulantzia bat ere erosi dute Ukrainan dituzten beharrei aurre egiten laguntzeko.

Elkartasun ekitaldiak ere antolatu izan dituzte: kontzertuak, gabonetako bigarren eskuko azoka solidarioak, zozketak, diru-bilketak itsulapikoekin, txokolatada solidarioak, bai La Perla kafetegian, baita gabonetako argien piztuerako ekitaldian ere…

Aipatu nahi izan dute «tokian bertan lanean diharduten hainbat gobernuz kanpoko erakunde ditugula lagun ibilbide honetan, eta beraien bidez bideratzen dugula Zarautzen lortzen dugun laguntza oro; azken finean, haiek baitira pertsona errefuxiatuen egoerak hobekien ezagutzen dituztenak. Azken urte hauetan erakunde hauekin elkarlanean gabiltza: Zaporeak, SMH, En Red SOS Refugiados, Greziako Ritsona kanpamentua, Poloniako Katowice hiriko Caritas-eko elkartea, Asociación socio-cultural Ucrania-Euskadi, eta Irungo Harrera Sarea».

Bukatzeko zera aipatu dute, «eskerrak eman nahi dizkiogu Zarauzko Abesbatzari, bere prestutasunagatik eta elkartasun kontzertu hau pertsona errefuxiatuen alde izateko nahia adierazteagatik».

Gogoratu bigarren eskuko azoka solidarioa martxan dutela lehen Milar Visson zen dendan, Barren Plazan, eta bertara urte amaiera bitartean edozer eraman daitekeela. Gero boluntarioak sailkatu eta salgai jartzen dute urtarrilaren 5a bitartean. «Jendea bertaratzen zaigu eta bereziki beste denda batzuetan erosketak egin ezin dituztenak eta merkeago zerbait erosi dezaketenak».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)