Beste bi etorkin hil dira hotzak jota Kanariar Uharteetara heldu nahian

Dagoeneko sei etorkin hil dira azken astean hotzaren ondorioz Kanariar Uharteetarako bidean

Berria, 25-07-2006

erredakzioa

Bi etorkin hil ziren atzo hotzak jota ontzi batean Kanariar Uharteetara heldu nahian ari zirela. Ontzian 48 immigrante zeuden eta bi hildakoez gain beste bat larri ospitalera eraman zuten, hipotermiarekin. Gainera beste bi lagun deshidratazio sintomekin ospitalean daude, nahiz eta hauek ez dauden horren larri. Etorkinek lau edo bost egun pasa zituzten itsasoan janaririk eta urik gabe.

Merkataritzako buke batek eman zuen abisua, immigranteak zeramatzan barku bat hondoratzekotan zegoela esan zuen, eta hamar egun baina gehiago zeramatzala uretan. Itsasoko Salbamendu taldeak etorkin guztiak jaso zituen eta medikuak begiratu zituen. Gran Kanariako Gurutze Gorriko koordinatzailearen arabera, beste hamaika etorkinek ere hipotermia zeukaten. Zauritu larrienak Hiriburuko Insular ospitale unibertsitariora eraman zituzten. Beste hiru etorkin medikuen kontrolpean daude.

Maroko bere betebeharrekin betetzen ari dela azaldu zuen atzo Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak. Izan ere, ustez Marokok ez zien utzi etorkinei Marokon lehorreratzea. «Akordioan hitzartuta dagoenaren arabera, inmigranteak Kanariar Uharteetara ekartzea da haien betebeharra», ekarri zuen gogora.

ASTEBETEAN SEI HILDAKO. Azken egunetan Kanariar Uharteetara dokumenturik gabeko 600 lagun iritsi dira, Saharaz hegoaldekoak denak. Horietatik 90 larunbatean Esperanza del Mar bukeak salbatu zituen eta atzo goizean iritsi ziren uharteetako hiriburura. Dagoeneko bi hildako berri hauekin sei dira azken astean Kanariar Uharteetara heltzen saiatu eta hipotermiaz hil diren etorkinak.

Pasa den ostiralean Tenerifera hildako immigrante batekin iritsi zen ontzi bat, eta, asteburuan ontzi bereko beste bi etorkin, ospitalean zeudela hil ziren. Bestalde asteartean Fuerteventurara iritsi zen haurtxo bat hil zen. Guzti hauetaz gain, herenegun gauean 91 etorkinekin beste ontzi bat iritsi zen. Bost egune zeramatzaten deus jan gabe.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)