Dominikar Errepublikak 1.800 haur migratzaile kanporatu ditu

Luis Abinader herrialdeko presidenteak esan du Haitiko migratzaile gehiago kanporatuko dituztela

Berria, Berria, 23-11-2022

SANTO DOMINGO. «Legez kanpoko migratzaileak» herrialdetik kanporatzeko pauso bat gehiago eman du Dominikar Errepublikak. Urte hasieratik hona, 1.800 haur migratzaile bidali dituzte Haitira, Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak atzo CNN telebista kateari jakinarazi zionez. Erakundeak salatu zuen herrialdeko agintariek haur horiek guztiak bakarrik kanporatu zituztela, familiaren babesik gabe.

Iragan igandean, Haitiko Atzerri eta Kultur Ministerioak Dominikar Errepublikara migratzen duten herritarrei «tratu krudela» ematea leporatu zien hango agintariei. Ohartarazi zuen kanporatze horiek «arriskuan» jartzen dutela «bi estatuen arteko harremanaren gidari izan behar luketen harmonia eta bakea». Dominikar Errepublikako presidente Luis Abinaderrek «onartezintzat» jo zituen ministerioaren iruzkinak, eta erantzun zuen «legez kanpoko» migratzaile gehiago kanporatuko dituztela, herrialde bakoitzeko migrazio politika «herrialde horretako gobernuaren eskumena» delako.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)