Zinema

Mugen «inkongruentzia» pantailaratu du Fresnedak 'Tetuán' filmean

Haren aitak Tetuanen igarotako haurtzaroa erreskatatzen hasi, eta gaur egungo bi migratzaileren egunerokoa jasotzen amaitzen du lanak. Zuzendariaren hirugarren dokumental luzea da, eta Bilboko Zinebi jaialdian proiektatuko du bihar, BBK aretoan, 20:00etan.

Berria, Iñigo Astiz, 15-11-2022

«Tetuán bidaia bat da, bidaia intimo bat; Tetuango protektoratuan hazi zen nire aita, eta haren istorio intimoa kontatzen du, eta hortik abiatuta istorio kolektibo bat bihurtzen da». Esaldi horrekin definitu du bere hirugarren film dokumental luzea Iratxe Fresneda zinemagileak. Eta, hark deskribatu bezala, Tetúan bada bi adarreko ikus-entzunezko bat. Hasi, Carmelo Fresneda izeneko aitaren haurtzaroa eta Annemarie Schwarzenbach argazkilari suitzarraren nondik norakoak erreskatatzen dituen saiakera tonuko lehen zati batekin hasten da filma, baina, erdialdetik aurrera, tonuz eta ia-ia teknikaz aldatu, eta Kuban hazitako Mohamed Iacob sahararraren eta Arrigorriagan (Bizkaia) bizi den Irina Conca lipoveniarraren egunerokoa erakusten du lanak. Eta horregatik intimotik kolektiborako bidaia hori. Gijongo FICX zinema jaialdian estreinatu berri dute filma, eta bihar emango dute Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko jaialdian. Bertoko begiradak atalean izango da proiekzioa, BBK aretoan, 20:00etan.

«Erregistroaren trilogia» deitu duen zikloa ixten du lanak, zuzendariak azaldu duenez. Fresnedak hari berean lotuta ikusten baititu orain arteko bere ez-fikziozko hiru lan luzeak: Mirentxu Loiarte zinemagilearen lana erreskatatzen zuen Irrintziaren oihartzunak (2016), 2018an estreinatutako Lurralde hotzak filma, eta, orain, Tetuán. Azaldu duenez, haserreak jarri zuen dena abian, horixe sentitu baitzuen Mirentxu Lohiarteren lana deskubritu eta zinemaren historia liburuetatik kanpo nola gelditu zen ohartzean. Kontatzen denaz eta kontatzen ez denaz gogoeta egitera bultzatu zuen horrek, eta, dioenez, bultzada horrek gidatuta iritsi da orain Tetuán ere.

Eta horregatik hura txikia zela zendu zen aitaren migratzaile bizitza errekuperatzeko gogoa. Eta horregatik beren sorterritik kanpo bizi diren beste bi pertsona horien bizitza erregistratzeko erabakia ere. Euskaraz mintzo da Fresneda off-eko ahotsean lehen partean, eta azpidatzita irakur daitezke bigarren parteko solasaldiak.

Arriskua eta ispilu jokoa

Fresnedak bazekien filma bi zati hain markatutan zatitzea «arriskatua» zela, baina hasieratik izan zuen argi erabaki hori. «Buru kaotikoa daukat, eta, urteekin, neure burua hezi dut oso-oso ordenatua izaten saiatzeko. Egitura guztia hasi aurretik oso ongi pentsatua nuen horregatik, eta gero jo dut errealitatera, eta orduan bakarrik zatitu da mila zatitan dena». Ez da apeta hutsa, gainera. Zehaztu duenez, bikoiztasun horri esker elkarri ispilu joko moduko bat egiten baitiote erreskatatutako aitaren haurtzaroak eta gaur egun beren herrialdera itzultzen erakusten dituen Iacob eta Concarenak.

Bi ideia nagusi ere argi izan zituen hasieratik. «Argi nuen ez nuela pornografia familiarrik egin nahi», azaldu du batetik. Eta, bestetik, argi zuen Iacob eta Conca ere «duintasunez» aurkeztu nahi zituela. «Denak ez du balio, ez da oso zabalduta dagoen ideia bat, baina denak ez du balio. Bi pertsona hauek askatasunez eta pazientziaz erretratatu nahi izan ditugu».

Bidasoako muga

Familia bazkari baten plano luze bat badu filmak, esaterako. Gurasoekin eta amonarekin hizketan harrapatu du kamerak Conca, sorterrian. Postre sorta amaiezin bat mahaian, eta solasaldi bizian denak haien bueltan, elkarrekin egote hutsagatik pozik. Eta, bat-batean, amona. «Eta, Irina, noiz ezkonduko zara ba?». Barreak. Astoa eramango dutela ezkontzara. Barreak. Eta tarte batera serioago beste senide batek: «Barka, atrebentzia bada lasai esan, baina mutil-lagunik ez duzu?». Ezetz Concak. Helduko dela heldu behar bada. «Burua eta dirua izan ditzala, behintzat», amonak. Eta senideak ezetz. «Ez, ez, burua badu aski, lortuko du dirua. Burua behar du». «Burua», baietz amonak ere, «burua… eta dirua!».

Bidasoan hartutako aireko planoekin hasten da filmeko pasarterik liriko eta, aldi berean, esplizituki politikoena. Mugen zatiketa arbitrarioaz mintzo da off-eko ahotsa, eta ibaiak justu itsasoratu aurretik sortutako uhartetxo eta sedimentazio sorta erakusten du kamerak. «Inkongruentzien mapa bat da». Eta mugei buruzko inbentario bisual bat hasten du orduan filmak: harresiak, hesiak, hormak, txarrantxa lerroak, lurretik itsasorako bidean lerro bat marrazten duten metalezko barrak, hormigoizko hormak, kamerak, zaintza dorreak, eta txori bat gero, horma horietako batean pausatuta.

Annemarie Schwarzenbachen Euskal Herria

Hamar minutu baino gutxiago izango ditu sekuentziak. Ordea, hori da filmaren «bizkarrezurra», Fresnedak dioenez. «Pasarteak erakusten duelako zer-nolako eraikinak egiten ditugun besteengandik banatzeko, eta guk, aldiz, jendearen arteko loturak berreskuratzea genuen burutan pelikularekin». Gogorarazi duenez, gainera, Bidasoko aireko planoa grabatu aurreko egunean migratzaile bat hilda topatu zuten bertan.

Annemarie Schwarzenbach argazkilariarena da filmaren beste harietako bat. Sortzaileak Euskal Herrira egindako bidaia, zehazki, eta, beraz, haren kameraren bidez ere erakutsiko ditu zinemagileak Iruñea, Esako urtegia eta Donostia, esaterako. Filmean bere aitaren istorioarekin lotuta doa harena. Haren askatasuna eta artea laudatu ditu Fresnedak, eta, onartu duenez, hari buruzko film propio bat egiteko gidoi bat ere badu erdi prest.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)