Emakume migranteei begirada berri bat eskaintzen dien erakusketa dago CBAn
Gari Garaialdek Irundik igarotzen diren pertsonak «humanizatu» nahi izan ditu hilabete honetan ikusi daitezken dozena bat argazkietan
Diario Vasco, , 14-11-2022…eta bidean Irun. Begirada bat emakumezko migranteei’ erakusketa zabaldu berri da CBA liburutegian, Bostokphotoren eta Gari Garaialde argazkilariaren eskutik. Dozena bat argazkiak, hamar liburutegiaren barnean eta beste bi kanpokoaldean, Irundik igarotzen diren emakume migranteak ikusgarri egiten dituzte.
Lau urte pasa dira 2018ko udatik, frantziar eta espainiar estatuen arteko muga zeharkatu ezin eta migrante talde hura Udaletxearen arkupeetan azaldu zenetik. Harrezkeroztik milaka lagun iritsi dira Irunera muga hori pasa nahian, baina harresi ikustezin eta zeharkaezinarekin topo eginez. Ohitu ahal gara irundarrok egoera bidegabe honetara? «Jende bat ez da ohitu», eta badaude migranteei babesa emateko egunero lan egiten dutenak; honen adibide nagusia Harrera Sareako kideak dira. «Bada jende bat, ziur aski, ohitu egin dena eta egoerari garrantzi handirik ematen ez diona; eta nik esango nuke badagoela, ere, enteratu ez den jendea», hausnartzen du Garaialdek.
«Personak dira, gu bezala»
Migranteen gaia lantzen ari zela, ohartu zen nola «emakume migranteak bakarrik biktimatzat hartzeko ohitura dugu». Argazkilariak ikuspegi honetatik haratago joan nahi du: «biktimak badira, noski, eta gizarte matxistak sufrimendu extra bat eragiten die, baina hori ez da erralitate osoa. Emakume asko daude bakarrik bidaiatzen dutenak, gizonek bezela lagun edo ezagun bat daukatelako eta hura dagoen tokiraino joan nahi dutelako».
Erakusketa honetan, Garaialdek «subjektu migrante izaera hori aitortu izan nahi dut», alde batetik. Bestetik, migranteak «humanizatu» nahi ditu ere: azaltzen duenez, «hori denekin gertatzen da, bai mutil eta bai neskekin. Kolektibo bezala ikusten ditugu. ‘Migranteak’ izendatzen ditugu, eta ez: Fatumata, Ouaraba edo Durek dira. Pertsonak dira, gu bezala». Beraien ametsak, istorioak eta erronkak dituzten pertsonak, eta bidean, hemen ondoan, haientzat zeharkatzeko hain zaila den muga hori aurkitzen dutenak. Migranteak humanizatzeko egin duen ahalegin horretan, oso garrantzitsua izan da argazkilariarentzat haien «nortasuna errespetatzea», eta ez «kosifikatzea».
Gari Garaialderen erakusketa hilaren 30a arte izango da ikusgai, liburutegiaren ohiko ordutegian: astelehenetik ostiralera 9:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 9:00etatik 13:00era.
Hitzaldia hilaren 23an
Erakuketa honekin lotura duen solasaldi bat ospatuko da hilabete honetan CBAn: hilaren 23an izango da, 19:00etan, eta Anaitze Agirre Larreta (EHU eta Irungo Harrera Sarea) eta Beatriz de Lucas (Zehar errefuxiatuekin) izango dira hizlariak. ‘Mugak gurutzatzen dituzten emakumeak: biolentziak eta erresistentziak’ da solasaldiaren izenburua.
(Puede haber caducado)