Irun eta Hendaia arteko pasabideko hesiak kendu dituzte ehunka lagunek

‘Mugak apurtu, zubiak ereiki lemapean, Irun eta Hendaiatik joandako 200 bat lagunek mugaren hetsiera salatu eta pertsonen zirkulazio librea aldarrikatu dute azaroaren 1ean.

Gara, , 03-11-2022

Protesta ikusgarria egin zuten azaroaren 2an asteartearekin Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Izan ere, frantziar Estatuak pasabide horien hestea beste sei hilabetez luzatu du atzotik. «Hemen bildu gara 2022ko azaroaren 1 honek markatzen duelako Irun eta Hendaia arteko muga kontrolaren epearen lehen eguna», azaldu zuen ekintzan hitza hartu zuen ordezkari batek.

Orotara 200 lagun bildu ziren Gipuzkoako herritik eta Lapurdikotik talde banatan hesi metalikoez hetsia den oinezkoentzako zubira hurbildurik. ‘Mugak apurtu, zubiak eraiki’ lemapean kolektibo ainitz izan ziren deialdian parte hartu zutenak, hots, Ongi Etorri Errefuxiatuak, SOS Arrazakeria, Bidasoa Etorkinekin, Irungo Harrera Sarea, La Cimade, Xuti Gazte eta Bizi!, besteak beste. Alderdi politiko eta sindikatuen artean EH Bai, Europe Ecologie-Les Verts, LAB eta Hendaiako CGT izanen ziren bertan.

Behin bertaraturik, harresiak altxa eta bazterrean utzi zituzten. Frantziar poliziak oztopoaren presentzia izan bazen ere, ez zen istilu berezirik izan. Behin hesiak kendurik, manifestu bat irakurri zuten antolatzaileek, zeinean harresiak kentzea eta pertsonen zirkulazio librea aldarrikatu zuten.
Salatu zutenez, frantziar Estatuak urteak daramatza pasabidea blokeatzen. «Dela terrorismoa, Covida eta orain Ukrainako gerla, sei hilabetean behin Frantziak aitzakia faltsu berri bat atzematen du kontrol arrazistak atxikitzeko».

Azken bi urteetan gutxienez bederatzi pertsona zendu dira hetsirik jarraitzen duen pasabide honen ondorioz. Haietariko gehienak Bidasoa ibaia igerian zeharkatzen entseatu ziren. «Iritsi ahal izateko gero eta arrisku gehiago hartzen dituzte: trenbideetatik oinez, autobideko bazterretik edo Bidasoara jauzi eginez», deitoratu zuten.

«Hitzetatik ekintzetara pasatzea erabaki dugu. Zubi hau ireki dugu. Lortu dugu. Autoritateek eskatu dutena, guk egin dugu», aldarrikatu zuten protestan. Gogora ekarri behar da Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eta Alain Rousset Akitania Berri Eskualdeko eta Euroeskualdeko presidenteak galde hori egina zutela.

Asteartean ekintzan parte hartu zuten eragile guziek «elkarrekin» aritzen jarraitzeko engaiamendua hartu zuten, «pasabidea idekitzeko eta guzien zirkulazio librea lortzeko helburuarekin».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)