'Mugak apurtu, zubiak eraiki' elkarretaratzea, kontrol polizialak salatzeko
Ipar eta Hego Euskal Herriko hainbat kolektibo kontrol polizialen luzapena salatzeko mobilizatuko dira azaroak 1 asteartearekin. Hainbat kolektibok deiturik, Bidasoa ibaiaren bi aldeetatik abiatuko da elkarretaratzea 18.30ean.
Gara, , 31-10-2022‘Mugak apurtu, zubiak eraiki’ erranaldia jarraikiz, kolektibo multzo batek bat egin du azaroaren 1arekin hasi eta sei hilabetez iraunen duen kontrolaldi berriaren kontra egiteko. Horretarako lehen urratsa azaroaren 1 honetan bertan 18.30ean Irungo Ficobatik eta Hendaiako tren geltokitik abiatuko den elkarretaratzea izanen da.
Izan ere, frantziar Estatuak azaroaren lehenetik goiti mugetako kontrolak bere horretan mantentzeko erabakia hartu du, kontrolei beste sei hilabeteko epealdia emanez. Erantzun gisa, luzapenaren hastapena markatzen duen eguna hautatu dute eragileek «migrazio-politika arrazista eta ankerrak sortutako kontrol horiek salatzeko».
Honetarako, Irungo Ficobatik eta Hendaiako tren geltokitik bi zutabetan abiatu eta mugan elkartzea da asmoa. Kolektibo ainitz dira deialdian parte hartu dutenak, Ongi Etorri Errefuxiatuak, SOS Arrazakeria, Bidasoa Etorkinekin, Irungo Harrera Sarea, Xuti Gazte, Bizi! eta La Cimade, besteak beste. Badira ere deira batu diren alderdi politikoak eta sindikatuak: EH Bai, Europe Ecologie-Les Verts, LAB eta Hendaiako CGT izanen dira bertan.
2021eko urtarriletik bederatzi migrante hil dira gutxienez Bidasoa inguruetan. Eñaut Aramendi LABeko ekintza sozialerako ordezkariak Anxeta irratiari azaldurikoaren arabera, frantziar Estatuak berdin jarraitzen du eta «agintariek mugitu beharko lukete, frantziar Estatua estutu». Kontrol hauek ilegalak direla azalduz jarraitu du, «momentu batean izango da aukera Europan politika migratorio horiek egiten dituzten agintariak kondenatuak izateko, baina horretarako mugak irekitzea eskatzen duten hemengo agintariek beste urrats bat eman beharko dute».
Honi begira, hainbat kolektibo eta alderdik azaro hastapeneko elkarretaratzearekin bat egin dute, migratzaileen eskubideen aldeko borroka bateraturako lehen urrats gisa. Agintariak ere bat egitera deituak direla oroitarazi du Aramendik: «aurrera begira ere elkarrekin egoera aldatzeko nola egin ikusteko inplikatu nahi badute ongi etorriak dira denak».
(Puede haber caducado)