Italiako portuetan migranteak lehorreratzea berriz ere debekatuko dutela adierazi du Salvinik
Matteo Piantedosi Barne ministro berriak onartu du erakunde humanitarioei portuak ixtea baloratzen ari dela, baina oraingoz ez dute balizko erabakien berri eman. «Atzerriko erakundeak molda daitezela», gaineratu du.
Gara, , 27-10-2022Italiak galarazi egingo du atzerriko GKEen ontziek Mediterraneoan salbatutako migranteak portuetan lehorreratzea, Matteo Salvini Gobernuko presidenteordeak gaur iragarri duenez. Barne ministro izan zenean (2018-2019) mugako kontrol doktrina horren egilea izan zen Salvini.
«Gizakien trafikatzaileentzako eta haien konplizeentzako mezua: eskuinaren hauteskunde programan esan genuen bezala, Italiak ez du gehiago onartuko immigrazio klandestinoaren eta kontrolik gabeko lehorreratzeen negozioa», adierazi du Azpiegitura ministro berriak, portuko eskumenak kudeatzen dituena. «Atzerriko erakundeak molda daitezela», gaineratu du.
Gaur egun, Libiaren parean ehunka etorkin erreskatatu dituzten bi ontzi humanitario daude: SOS Méditerranée gobernuz kanpoko erakundearen Ocean Viking (234) eta SOS Humanity erakundearen Humanity One (180). Lehenengoak Norvegiako bandera du, eta bigarrenak, alemaniarra: «GKEak euren herrialdeetara joan daitezela, ez Italiara», amaitu du Salvinik.
Gaur egun, Giorgia Meloni ultraeskuindarrak gobernatzen du, irailaren 25eko hauteskundeak irabazi zituen koalizio baten buru, non Salvini eta Silvio Berlusconiren Forza Italia kontserbadorea ere biltzen diren.
Matteo Piantedosi Barne ministro berriak, Salviniren kabineteburu ohiak, onartu du erakunde humanitarioei portuak ixtea baloratzen ari dela. Ostegun honetan, Ordena eta Segurtasun Publikorako Batzordearen bilera bat gidatu du Piantedosik, bi ordu eta erdiz, baina oraingoz ez dute balizko erabakien berri eman.
Politikari ultraeskuindarrak portu itxien politika sutsua bultzatu zien itsasoan migranteak salbatzen dituzten ontzi humanitarioei 2018ko ekainetik 2019ko irailera bitartean, Bost Izarren Mugimenduarekin zuen aliantzari esker Barne ministro zenean. 2018ko abenduan, Salvinik GKEen ontziak portuetan baimenik gabe sartzea eragozten zuen dekretu bat onartu zuen, eta xedapen hori betetzen ez zutenentzat isunak ezarri zituen, gerora ezkerrak indargabetu zuena. Horrela, hainbat ontzi lehorreratzea eragotzi zuen, baita militar italiarrak ere, eta horrek bi epaiketa ekarri zizkion, pertsonak bahitzea egotzita. Bat artxibatu egin zuten, baina beste bat martxan dago Palermon, 2019ko abuztuan 147 migrante lehorreratu baitziren Open Arms GKEaren ontzitik.
(Puede haber caducado)