Ikasle etorkinen eta euskararen arteko harremanak aztertu ditu 'Jakin' aldizkariak
Felix Etxeberria irakasleak koordinatu du 'Gai nagusia' atala, eta alderdi askotatik jorratu dute gaia 12 egilek
Berria, 23-07-2006Erredakzioa
Donostia
Jakin aldizkariak ikasle etorkinen egoeraren inguruan osatu du 154. zenbakiko Gai nagusia saila. Ikasle etorkinen eskolatzea eta euskalduntzea, hizkuntz ereduen hautaketa, etorkinen ama hizkuntzak eta jatorrizko kulturak duten trataera aztertzen dira, besteak beste.
Azken urteotan etorkinen kopuruak gorakada nabarmena izan du, eta horrek hainbat aldaketa eta egokitzapen ekarri ditu hezkuntza sisteman eta hizkuntzen irakaskuntzan. Dosier honetako zazpi lanetan, besteak beste, honako auzi hauek aztertzen dira: ikasle etorkinen eskolatzean eta hizkuntz ereduen hautaketan eragiten duten baldintzak, hezkuntza sistemak ikasleon euskalduntzea sustatzeko eskaintzen dituen bitartekoak, ikasle etorkinen ama hizkuntzari eta jatorrizko kulturari eman beharreko erantzuna, hizkuntz eta kultur aniztasuna eta eskola…
Sail hau Felix Etxeberriaren laguntzarekin osatu du Jakin – ek: berak diseinatu du artikulu bilduma, eta baita egileekin harremanetan jarri eta lanak jaso ere. Eta lehen artikulua ere Etxeberriarena da. Bertan, immigrazioak azken urteotan Europan duen eragina azaltzen du. Etorkinen kopurua eta jatorria deskribatzen ditu Etxeberriak, eta ikasle berriak integratzeko eta gizarteratzeko bideratzen diren ereduak eta hezkuntza politikak aztertzen ditu.
Alberto Agirreazaldegi eta Goio Olasagastik, bigarren artikuluan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eratutako ikasle etorkinentzako Arreta – Plana aurkezten dute. Plan horren xedea ikasle etorkinak euskal hezkuntza sisteman eroso integratzea da: batetik euskara ikas dezaten lagunduz, eta bestetik jatorrizko hizkuntza eta kulturari eustea ere sustatuz.
Felix Etxeberriak, ondoren, EAEko ikasle etorkinen eskolatzearen inguruko faktore nagusiak aztertzen ditu: ikasle autoktonoak eta etorkinak, etorkin pobreak eta aberatsak, eskola pribatu aberats eta pobreak… Eskolaren aukeraketan eragiten duten faktoreak dira horiek guztiak. Ikasle etorkinek hizkuntz eredua aukeratzerakoan nola jokatzen duten ere aztertzen du Etxeberriak.
Mario Zapatak ikasle etorkinen eta hizkuntz ereduen arteko harremana aztertzen du. A ereduaren aldeko hautua eragiten duten hainbat faktore laburbildu ditu Zapatak, eta euskarazko ereduaren hautapena bultzatzeko gakoak zein liratekeen azaldu.
IKASLE ETORKINEN AMA HIZKUNTZAK. Bosgarrenean, Felix Etxeberriak EAEko ikasle etorkinen ama hizkuntzek hezkuntza sisteman duten trataerari buruz dihardu. Hain zuzen, atzerriko hizkuntzaren bat hitz egiten duten etorkin gehienen ama hizkuntza arabiera edo portugesa da. Etxeberriak, beraz, ikasle horientzat abian jarri diren hezkuntza programa bereziak aztertzen ditu.
Matilde Sainz eta Uri Ruiz Bikandik, hurrengo artikuluan, ikasle etorkinen kopuruaren gorakadak hezkuntza sisteman eta hizkuntzen irakaskuntzan dituen ondorioei buruz egiten dute gogoeta. Eskola da, bien iritziz, kultur eta gizarte aldaketaren eta aniztasunaren isla nagusia; beraz, kultur nortasun eta sentsibilitate ezberdinen arteko kohesioa sustatzeko gune nagusia izan beharko luke.
Dosier honetako azken atalean, immigrazioak euskal hezkuntza sisteman eta hizkuntzen irakaskuntzan duen eragina argitzeko asmoz, hiru esperientzia biltzen dira: Zarauzko Orokieta herri eskolako, Usurbilgo Udarregi ikastolako eta etorkin helduei euskara irakasteko AISA programako zuzendari eta arduradunek, hain zuzen ere, ikasle etorkinekin izandako beren esperientzien gako nagusiak aurkezten dituzte.
Egunen gurpilean saileko orrialdeetan, aurreko zenbakietan bezala, literatura, soziolinguistika eta komunikazioaren inguruko berriak dituzte aipagai, estilo arin eta bizian, Jon Benitok, Pablo Suberbiolak eta Patxi Gaztelumendik hurrenez hurren.
(Puede haber caducado)