Suitzar kolonialismoa, gizartearen erraietan
NBEko Adituen Lantaldearen arabera, afrikar jatorrikoek arrazakeria «sistematikoa» jasaten dute Suitzan: «Herrialdeak arazo larria dauka». Afera horri aurre egiteko, agintariei eskatu diete «premiazko» neurriak hartzeko.
Berria, , 14-10-2022Afrikar jatorria duten pertsonen aurkako arrazakeriari dagokionez, arazo sistematiko larria du Suitzak». Hala ondorioztatu du NBE Nazio Batuen Erakundeko Adituen Lantaldeak. Joan den astean, txosten bat aurkeztu zion NBEren Giza Eskubideen Kontseiluari, eta ikerketak adibide sorta zabala jasotzen du, Poliziaren «basakeriatik» hasi eta haurren «jolaseraino». Hamar eguneko behaketa baten ondoren, lantaldeak kezka «sakona» adierazi du, «arraza bazterkeria larriagatik, etengabeagatik eta bidegabekeriagatik, baita Suitzako afrikar ondorengoen giza eskubideen urraketagatik ere»; hezkuntzan, osasunean, enpleguan, etxebizitzan, atxiloketetan, justizia administrazioan… Suitzako Gobernuak neurri zehatzak har ditzala galdegin du.
NBEko aditu taldeak urtarrilaren 17tik 26ra egin zuen egonaldia Suitzan, eta, afrikar jatorria dutenekin, politikariekin, Polizia ordezkariekin eta gizarteko hainbat eragilerekin bildu zen. Suitzako afrikar ondorengoen egoerari buruzko 59 puntu jaso ditu; horien artean, «Poliziaren indarkeria bortitza eta jokabide desegokiak daude, azken hamarkadatik errotuta daudenak». Beltzak eta, batez ere, gazteak dira biktima nagusiak. «Poliziak umiliatu, kriminalizatu eta estigmatizatu egiten ditu. Hori gutxi ez, eta herritar beltzek sarri salatu dute kalean biluzik miatu dituztela. Sexualizatu egiten dituzte».
Horrekin lotuta, Nzoy Roger Wilhelmen heriotza aipatzen du txostenak; Poliziak tiroz hil zuen, iaz, Morgesen, Genevatik 50 kilometrora. Halaber, beste hamaika kasu plazaratu dituzte ikertzaileek, eta jakinarazi biktimen familiek abokatu garestiak kontratatu behar izan dituztela eskariak aurkezteko eta Poliziaren defentsari aurre egiteko. Horiek guztiak Suitzako arrazakeria «sistematikoaren» adibidetzat jo ditu.
Bestalde, NBEk salatu duenez, ez dira behar bezala aitortzen Suitzak kolonialismoarekin, esklabo bihurtutako afrikarren merkataritzarekin eta trafikoarekin zituen loturak. Txostenak zehaztu du Europako herrialde horretako aberastasun modernoak zerikusi zuzena duela esklabotzaren legatuekin. «Suitzako bankuek asko inbertitu zuten esklaboen merkataritzan eta esklabotza erakundeetan, baita apartheidaren sisteman ere». Oharrak azpimarratzen du ehungintzak eta txokolatearen eta kafearen industriek esklabotza eta kolonialismoa «instrumentalizatu» zituztela.
Lantaldeak hizpide izan ditu arraza bereizkeriak osasunerako eskubidean dituen ondorioak ere. Dioenez, afrikar jatorrikoek «tentsio handia» dute beren gaitasun fisiko eta psikologikoan, bizitzarekin jarraitzeko «ahalegin gehigarria» egin behar baitute. «Medikuak ez daude kezkatuta pertsona beltzei eragiten dieten gaixotasunengatik: zelula faltsuen anemia, haurdunaldi proteinurikoak eragindako hipertentsioa edo miomak osasun sisteman».
Adituek Eritreako asilo eskatzaileen testigantzak entzun zituzten, «baztertuak eta hainbat urtez prekaritatean hondoa jota daudenak». Erakundearen esanetan, «oso toxikoa» da esparru politikoan arrazakeria gorrotoaren diskurtsoa erabiltzea. Suitzako herritarrek emandako zenbait etsenplu aipatzen ditu ikerketak; esaterako, Zentroko Batasun Demokratikoak 2007an zuzendutako Ardi zuri eta beltzen kanpaina. «Migrazio politika gogortzea sustatzen du, Suitzan beltzen aurkako irudi edo hitz iraingarriak ohikoak bilakatuz».
Hezkuntza ere ez dago salbu arrazakeria «sistematikotik»; lantaldeak arraza diskriminazioari buruzko hainbat kasu jaso ditu, hala nola irain arrazistak, jazarpenak eta probokazioak; afrikar jatorria duten haurrak «seinalatzea»; neurrigabeko zigorrak ezartzea eta ikastetxeetan arrazarekin lotutako erabakiak hartzea; afrikar jatorriko ikasleak «kalifikatzea» eta eskoletatik «kanporatzea»; «arraza hierarkiak» frogatzen dituzten ilustrazioak erabiltzea; Nork dio beldurra gizon beltzari? deritzon jolasean aritzea; eta afrikarren esklabotzaren historiari buruzko narrazio «zehaztugabeen edo faltsuen» kontakizunak hedatzea.
Aholkuak gobernuari
NBEko Adituen Lantaldeak hainbat neurri ezartzea aholkatu dio Suitzako Gobernuari, «arrazismoari, arraza bereizkeriari, xenofobiari eta horiekin lotuta dagoen era guztietako intolerantziari aurre egiteko». Hain zuzen, erakundearen arabera, arrazakeria «sistematikoa» desegiteko, «premiazkoa» da arraza ekitatearen kontu ikuskatze bat egitea erakunde publiko guztietan, eta arreta Afrikatik doazenen esperientzietan jartzea arazoa definitzeko, baita ikuspegi eta konponbide berriak garatzeko ere.
Hezkuntzan, berriz, NBEko adituek nabarmendu dutenez, curriculuma «berrikusi» egin beharko litzateke, «afrikar ondorengoen ekarpenak, historia eta kultura eta ekoizpena aintzat hartzeko». Hori dela eta, «ezinbestekoa» da irakasleen, hezkuntza lidergoaren eta ikasleen jarrerei heltzea. Txostena aztertu ondotik, Suitzak NBEn duen ordezkari Jurg Lauberrek hau adierazi zuen: «Suitzak ere uste du arrazismoa premiaz landu beharreko arazo bat dela».
(Puede haber caducado)