Ana Elena Altuna: 'Gaur egungo migratzaileen egoeraren hasiera da Urriaren 12a'

Gara, Gurean gaur, 12-10-2022

Ana Elena Altuna Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, Urriaren 12a “gaur egungo migrazioaren eta migratzaileen egoeraren hasiera da”.

Bere esanetan, hegoalde globaleko herrietara bertako aberastasunaren bila joaten dira europarrak. Zentzu horretan, migratzeko zein ez migratzeko eskubidea aldarrikatu du Altunak, eta salatu du Hego Euskal Herrian 10 pertsona hil direla dagoeneko Bidasoa ibaian.

Migrazio politika askoren konpetentzia Espainiak badu ere, Altunak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak ere hainbat neurri har dezakeela migratzaileen egoera hobetzeko, eta salatu du Hego Euskal Herriko babes puntu bakarra Iruneko aterpetxea dela: “Migratzaile asko Bilbora ailegatzen dira autobusean, eta ez daukate babesteko eta atseden hartzeko leku bakar bat ere”.

Altunak Europako migrazio politikak ere salatu ditu, eta azaldu du Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetatik datozen migratzaile ugari “trabatuta” daudela Europa kanpoko mugetan: “Siriako gerra bizirik dago oraindik ere, eta gerratik ihesi datozen migratzaile asko trabatuta gelditzen dira Europaren atariko mugetan". Izan ere, Altunak adierazi du Europak mugak externalizatu dituela hainbat herrialderekin tratu ekonomikoak eginda, Turkiarekin kasu: “Europak tratu ekonomiko bat egin du Turkiarekin jendea Europara sar dadin oztopatzeko, eta Grezian berdin”. Horrez gain, Altunak salatu du migratzaileek asilo politikoa eskatu behar dutela Europara iristen den lehenengo herrialdean, Grezian, Italian edota Espainiako Estatuan; migratzaile askok, ordea, Frantziara edo Alemaniara iritsi nahi dute bertan dutelako familia.

Hori horrela, Altunak azpimarratu du Ukrainako gerrak erakutsi duela Europako migrazio politikak “beste modu batekoak” izan daitezkeela, eta galdetu ea nola den posible pertsonak Bidasoa ibaian: “Ez ezazu desio besteentzat zuretzat nahi ez duzuna”.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)