Ehunka kilometro egin ditu karabana solidarioak, tartean mila bizipen partekatuz, eragiteko indarrak metatuz

Gara, Oihane Larretxea, 02-10-2022

Ehunka kilometro egin dituzte errepidean; egunez autobusez bidaiatuz, gauez askotariko zentroetan atseden hartuz. Tartean, ibilbidea agenda oso estu batekin elikatu dute migratzaileen eskubideen alde lan egiten duten ekintzaile eta elkarteek. Europa osotik barreiatuta dauden erakundeek indarrak batu dituzte Brusela helburu. Europako «bihotz politikoa» deitua den horretan erakundeen arreta bereganatzeko. Oinarrizko eskubideak guztientzat, salbuespenik gabe. Hortik martxaren leloa: “Eskubideak. Heriotzarik ez!”.

Irundik astelehenean abiatu zuten ibilbidea aurreikusitakoaren arabera egin dute, eta atzo eman zuten itxitzat esperientzia. Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartetik Cristina Garcia de Andoin kideak GARAri azaldutakoaren arabera, lehenengo geldialdia Poitiersen egin zuten, eta handik Parisera zuzendu ziren. Bertan ChronoPost mezularitza enpresako langileekin bat egin zuten. Hamaika hilabete daramate greban. Gehienak sahararrak dira eta oso baldintza prekarioetan ari dira.

Halako beste hainbat topaketa izan dituzte astean zehar, han eta hemengo errealitateak partekatuz. Immigrazio Batzordeko europarlamentariekin ere bildu dira kezkak eta eskaera zehatzak helarazteko.

Migraziorako Europako legediaren aurrean, herrialdeetan ehundu diren elkartasun sareak aipatu zituen Garcia de Andoinek. Edonola, Estatu frantsesean langileen sindikatuek eta migratzaileen sindikatuek presioa egiteko duten gaitasuna goraipatu zuen. Badago zer hobetu, beraz.

Hitzaldi sorta interesgarri batek eman zion amaiera karabanari. Besteak beste, Mediterraneoan bi seme desagertu zaizkion amak jarri zizkion hitzak drama mingarri honi.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)