«Europako migrazio politika hiltzaileak» salatu dituzte Calaisen

Migratzaileen eskubideen aldeko 160tik gora elkartek Europari migrazio politika aldatzeko eskatuko diote gaur eta bihar Bruselan

Berria, J.A., 30-09-2022

Migratzaileen eskubideen alde astelehenean Irundik abiatu zen karabana Liejara (Belgika) iritsi zen atzo, eta paperik gabeko migratzaileen aldeko hainbat kolektiborekin bat egin zuen han. Migratzaileen eskubideen aldeko 160 taldek baino gehiagok protesta egingo dute gaur eta bihar Bruselan, Eskubideak, ez heriotzak! lelopean, eta harekin bat egingo du Euskal Herritik abiatutako karabanak —Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Aragoiko, Madrilgo eta Gaztelako 60 pertsonak osatutako taldea doa bertan—.

Bruselara bidean geldialdi gehiago ere egin ditu taldeak. Herenegun Calaisen (Frantzia) izan zen, eta migrazio bidean direnekin elkartu ziren hango etorkinei harrera egiteko zentroan. Ondoren, Calaiseko migranteen aldeko beste zenbait mugimendurekin batera, protesta egin zuten.«Europako migrazio politika hiltzaileak» salatu zituzten.

Politika horren ondorioz azkenaldian izaniko hildakoak gogora ekarri zituzten; besteak beste, duela gutxi Marokoko jendarmeek tiroz hildako emakume sahararra eta Melillako hesiko sarraskian hildakoak —gutxienez, 37—. Halaber, Calaisko mugan, Frantzia eta Erresuma Batua banatzen dituenean, 1999az geroztiko hildakoak oroitu zituzten: 250etik gora.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)