Italiako emaitzen ondotik, kezka erreskatatze ontzien etorkizunaz

Iñigo Mijangos Itsas Salbamendu Humanitarioko presidenteak atzo ohartarazi zuenez, Mediterraneoan lan egiten duten erreskate ontzien segurtasuna arriskuan dago Italiako hauteskundeen ondoren. Bizitzak babestu ahal izatea zailduko dela uste du.

Gara, , 28-09-2022

Iñigo Mijangos Itsas Salbamendu Humanitarioko (SMH) presidentea kezkatuta agertu da Italiako hauteskundeen emaitzen ostean. Izan ere, «Gobernu berriaren osaketarekin, erreskate ontziek askoz zailago izan lezakete bizitzak babestu al izatea».

Ohar batean Mijangosek atzo adierazi zuenez, Italiako Anaiak alderdiak Aita Mari bezalako itsasontzien aurkako kanpaina jarri du martxan, itsasoan egindako lana kriminalizatuz. Gogorarazi nahi izan zuen «lan hori Europako gobernuen betebeharra dela, nazioarteko legeen arabera».

Zentzu horretan, SMHko presidenteak aitortu zuen azken urteetan GKEen lana ez dela erraza izaten ari: «Oraintxe, Iuventa itsasontziko eskifaiako lau kide 20 urteko espetxe zigorrari aurre egiten ari zaizkio Italian, pertsonen trafikoa egotzita, 14.000 bizitza baino gehiago salbatu ondoren. Gainera, Sea Watch 3 Alemaniako ontzia blokeatu zuten joan den astean, inolako justifikaziorik gabe».

Elkartea beldur da, osatuko den gobernu berriarekin, «ez ote den portua esleitzeko itxaronaldia luzatuko edota ez ote zaien erreskatatutako pertsonei portura sartzen utziko». Horrek urratu egingo luke nazioarteko legedia, portu seguru batera heltzeko eskubidea jasotzen duena.

«Azken misioan, bederatzi egunez atzeratu zuten portu segurua emateko baimena», salatu zuen, eta estrategia horrek sufrimendua eragiten duela nabarmendu zuen. «Ontzietan, astebetetik gora, oso baldintza zail eta gogorretara behartzen dituzte» etorkinak.

Azkenik, SMHko presidenteak dei egin zien Europako gainerako gobernuei eta, bereziki, Espainiakoari. Urrian Aita Mari Mediterraneo erdialdera joango da eta ezinbestekoa da Europako gobernuek bat egitea, erreskate ontziak babesteko eta haien lana errazteko, «oztopatu eta kriminalizatu beharrean».

«Sor daitezkeen konplikazioen aurrean, espero dugu Espainiako Gobernuaren babesa izatea Aita Mariren bederatzigarren misioan. Misio hori aste gutxi barru izango da, eta pertsona guztien bizitzarako eskubidea defendatzea du helburu», gaineratu zuen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)