Mediterraneoan erreskatatutako 400 pertsona migrante lehorreratu ditu Sea Watchek Italian

Larunbat goiz honetan Italiako Reggio Calabrian porturatu da Sea Watch 3 ontzia, eta Mediterraneoan erreskatatutako 427 pertsona migranteak lehorreratu ahal izan ditu, egoera larriaz ohartarazi ondotik. Hamar aldiz eskatua zuen portu segurua GKEak.

Gara, Naiz, 19-09-2022

Egoitza Berlinen duen Sea Watch giza eskubideen aldeko erakundeak azaldu duenez, hainbat erreskate operaziotan biziraun duten lagunak dira larunbat honetan Italian lehorreratu direnak. Egun batzuetan egon behar izan dute Sea Watch 3 ontzian zain. Hamar aldiz eskatu dute portu segurua, eta Reggio Calabrian porturatu da azkenean itsasontzia, egoera larrian.

«Portu bat esleitu diote Sea Watchi. Ontziko egoerak okerrera egin du eta lagun bat premiaz atera behar genuela-eta larrialdi egoeraz ohartarazi behar izan dugu. Azkenean eman digute portu bat agintari italiarrek: Reggio Calabria», esplikatu du GKEak sare sozialetan. Aurretik hamar aldiz eskatua zuten portu seguru bat eta baimenik gabe ere porturatuko zirela errana zuten.

Beste ontzi alemaniar bat, Sea Eye 4 izenekoa, ere Italian porturatu zen ostiralean, Tarenton, Apulia eskualdean hain zuzen. 129 migrante zeramatzan. Antolakundearen arabera, erreskatatutako lagun batzuek kasik bi aste zeramatzaten itsasontzian agintari italiarrek lehorreratzeko baimena emateko esperoan.

900 lagun portu baten zain Italian

Momentu honetan ia 900 migratzaile daude itsasoan Italiak portu bat emateko zain, Maltak ez baitie itsasontzi humanitarioei porturatzen uzten.

Humanity 1 erreskate ontzia da esperoan dagoenetako bat, SOS Humanity Berlingo antolakundearena. 415 pertsona ditu barrenean. Astebete baino gehiagoren ondotik, haien egoera okerrera doala abisatu du taldeak.

«Hotzaz gain, urdail-hesteetako arazoak sufritzen ari dira espazio murritza dela-eta. Badira haur batzuk 40 gradu arteko sukar altua dutenak», adierazi dute. Kasik erdiak (192k) 18 urte baino gutxiago dituzte eta tartean daude lagundu gabeko 113 adin txikiko. Batzuek zauriak dituzte. Bada gizon bat balaz zauritua dagoena eta ezin dute ontzian artatu, GKEak jakinarazi duenez.

Erromaren datuek diotenez, aurten migratzen ari ziren 66.000 pertsona baino gehiago iritsi dira jada Italiara, eta iazko epe berean 43.000 izan ziren. Aurten 1.039 pertsona hil edo desagertu dira Mediterraneoan, Nazio Batuen Erakundearen arabera.

Azken erreskatea ostegun honetan egin zuen Open Arms 1 itsasontziak, izen bereko GKEarenak. 19 herritarri lagundu zien. Mediterraneo erdian noraezean zebiltzan. Emakume bat hil zela abisatu zuten, bidean uretara erori ondotik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)