Cimadek atzerritarren giltzapetze sistema salatu du

La Cimade elkarteak Hendaiako erretentzio zentro administratiboaren arazoak mahai gainean ezarri ditu, COVID-19 pandemia kari gogorturiko atzerritarren aurkako politika administratiboa salatuz.

Gara, Patrick Graciet, 15-09-2022

Erretentzio zentro administratiboei (CRA) buruz urtero egin ohi duen txostenean, La Cimade elkarteak Hendaiako CRAko itxialdi eta kanporatze politiken eraginari buruzko analisia egin du, zentroak 2021 urtean zehar ukan dituen 219 pertsonetan oinarriturik. «Dramekin finitzen den gehiegikeria» eta «atzerritarrekiko neurriz kanpoko errepresioa» izan dira ondorio nagusiak.

La Cimade, migratzaileentzako elkartasun eta laguntzarako elkartea, itxiera zentro hauen funtzionamoldearen aurka izan da beti: «Gure ustez, itxialdi administratiboa ez da ulergarria, paperik gabeko pertsonak dira, ez gaizkileak», salatu du Julie Aufaurek, elkarteko hizlari juridikoa Hendaiako CRAn. COVID-19arekin atzerritarren zigortzearen inguruko arazoa larriagotu dela gaineratu du. Bide beretik jo du Nina Chaize kideak, «pandemiarekin zigortze sistema gogortu da» borobilduz.

Izan ere, frantziar Estatu mailako erretentzio zentroek errekorrak gainditu dituzte 2021.urtean. Legeak delitu larririk gabe (kasu honetan, paperik ez ukaiteagatik) atxilotuak diren pertsona atzerritarrak ahalik eta azkarren sorterrira itzultzera behartzen baditu ere, joan den urtean 22 egun izan zen bataz besteko itxialdi denbora.

Julie Aufaureren erranetan, «CRA kanporatzeari begira egiten den itxialdi administratiboa da. Alta, 2020 hastapenetik, lurraldeek pandemiaren hedapena murrizteko mugak itxi zituzten, egoera zentzugabea sortuz. Gero kanporatuak ez izateko egiten zituzten itxialdi administratiboak bilakatu ziren».

Hendaiakoa, itxialdi luzeko zentroa

Hendaian, adibidez, 49 aljeriar giltzapetu zituzten, «Aljeriak mugak itxiak zituen bitartean». Gisa honetan, epailearen erabakiz irteera aitzinatu ahal baldin bada, legearen arabera, itxialdiak gehienez bi hilabete iraun dezake. «Badira 60 egunez alferrik itxirik izan diren pertsonak, bagenekien ez zirela kanporatuak izanen» damu da Aufaure.

Ondorioz, Hendaiako CRAn itxialdi denbora 27 egun izatera pasa zen, «hots, frantziar Estatu mailako bataz besteko altuenetako bat». La Cimadek egoeraren laztasuna deskribatu du: «Itxieraren baldintzak zailak dira eta are gehiago hau iraupen luzekoa bada, eta zoritxarrez, etsipenak ekintza lazgarriak ditu ondorio. CRAk, oro har, zikinak dira, jendea janariaz plenitzen da, eta pandemiaren kari bisitak debekatuak dira».

2021 urteko itxialdien inguruko txostenean, bi gertakari azpimarratu dituzte: «Pertsona batek, etsipena eta haserrea erakusteko, ezpainak josi zituen, eta beste batek besoak eta bizkarra eskarifikatu zituen».

«Ezin da itxialditik makurrik gabe atera» adierazi du Nina Chaizek. La Cimadeko bi langileen arabera, osasun neurriak malgutu izanak ez ditu atzerritarrentzako egun hobeak iragarri: «Momentuz, basakeri politikak aitzina darrai» berretsi du Nina Chaizek, Gerald Darmanin Barne Ministroak uda honetan egindako deklarazioak gogora ekarriz.

Izan ere, azken honek atzerritar delitugileak lurraldetik kanporatzea eragozten duten legeak kentzeko asmoa erakutsi zuen, «eta eragin zuzena ukan lezake erretentzio zentroetan». «Hala ere, zuzenbide estatu batean bizi gara, edozein pertsonak bere aurka hartutako erabaki administratibo bati buruzko helegite bat ezartzeko eskubidea du» oroitarazi du Julie Aufaurek.

  • Erredakzioan itzulia
Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)