«Jendeak esateko beharra daukan huraxe idatzi behar du idazleak»

Herrijeari emon arnasa kultur elkarteak antolatuta, Eako poesia egunetan parte hartuko du gaur Ali Farahek: hitzaldia emango du Italiako egungo poesiaz

Berria, 22-07-2006

Irune Berro

Ea

Erromako Assozziacione Culturale Euskara elkarteak gonbidatuta, Bizkaiko herrian da egunotan Ubah Cristina Ali Farah idazlea (Verona, Italia, 1973). Aita somaliarra eta ama italiarra ditu. Haurtzaroa Somalian eman zuen. Han bizi izan zen, harik eta 1991n ihes egin behar izan zuen arte. Orduan hasi zen gerra zibila. «Ordura arte nire unibertsoa zena ezabatu zuen. Gerrak haustura ekarri zuen».

Zer eragin izan zuen horrek guztiak zure literaturan?

Bi mundu lotu ditut literaturaren bidez: nire aitaren mundua, somaliarra, eta nire amaren mundua, italiarra. Horren desberdinak diren bi mundu – eta gerrak bata bestetik areago aldendu dituenak – literaturaren bidez uztartzen saiatu naiz, erritmo eta musikaren bidez, poesia eginez.

Bi mundutakoa sentitzen zara?

Nire lagun batek dioenez, identitatearen arazoa ez da pertsonarena, komunitatearena baizik, zeren zu zarena zara, eta norbaitek identitatearengatik galdetu arte ez da arazorik sortzen. Bi mundutakoa sentitzen naiz, bai, baina ez dakit zehazki zein eratan naizen bi mundu haietakoa, zelan parte hartzen dudan bi mundu haietan.

Zerk bultzatu zintuen poesia idaztera?

Nire bi munduak nahasteko ametsa nuen, oroitzapenak kontatzeko. Testu autobiografikoak egin nituen aurrena.

Etorkinei zuzenduriko Migra agentziako zuzendaria zara. Zertan datza proiektu hori?

Une hauetan proiektu bat besterik ez dugu martxan. Erromako probintzian dagoen immigrazioari buruzko mapa egiten ari gara. Hasieran askoz berritzaileagoa izan zen agentziaren lana. Immigrazioaz asko hitz egiten da, baina immigranteak ez, baizik beste guztiek hitz egiten dute immigrazioaz. Migra proiektua etorkinak egina da, etorkinentzat. Beraiek dira beraiei buruzko albisteen egileak.

Literatur arloari dagokionez, Erromako Circolo Gianni Bosio elkartearen bidez, hirian bizi diren emakume etorkinen istorioak jaso dituzu. Eta ipuinak eta poemak idatzi eta argitaratu dituzu batik bat.

Idazleak bitarteko izan behar du, komunikatzaile, eta ez pertsona pribilegiatu. Adibidez, Marokon eta Somalian idazleek arrakasta handia dute, gizartearen bozgorailu direlako. Gizarteari lotuta daude. Jendeak esan behar duen huraxe idazten dute. Idazleak bere burua alde batera utzi behar du eta jendeak esateko beharra daukan huraxe idatzi.

Emetasuna, amatasuna, emantzipazioa, askatasuna… Zure obran etengabe ageri diren kontzeptuak dira.

Nork bere sokak ditu. Soka horietako batzuk sentiberagoak dira, gehiago hunkitzen zaituzte, zuk bizi dituzulako beharbada. Emakumearen mundua, immigrazioa… Interesatzen zaizkidan gaiak dira. Emakumea zapaldurik dago. Etorkina zapaldurik dago. Emakume etorkina, hortaz, bi aldiz zapaldurik dago. Emakumearen integrazioa modu intimoan izaten da. Emakumeak harremanetarako duen jarreran datza, beharbada, horren gakoa. Ez dago boterean, intituzioetan, baina gizartean duen boterea sakona da, handia.

Aurki A new map: The poetry of Migrant Writers in Italy argitaratuko duzu AEBetan. Zer – nolakoa da Italian bizi diren idazle etorkinen poesia?

Azken urteetan boom antzeko bat egon da. Italiako idazle etorkinek denetarik idazten dute. Belaunaldi bi daudela esan daiteke. Eta nik ez dakit oso ondo zeinetakoa naizen. Italian jaioa naiz, Somalian hazia… Eta hogei urterekin itzuli nintzen Italiara. Kontzeptu hauek erosoak dira, baina idazle batzuk sailkatzea zaila da. Lehen belaunaldiaren ezaugarri bat da italieraz idazten dutela, nahiz eta beraien ama hizkuntza beste bat izan. Oso liburu autobiografikoak egiten ditugu, oro har. Ni etorkina, Ni elefante saltzailea… Gisa horretako izenburuak dituzten liburu asko daude. Hori narratibari dagokionez. Poesia berriagoa da.

Idazle afrikarrek Italian ikusmina sortzen duzuela esan duzu.

Baina ezin da positibotzat jo kasu guztietan. Batzuek gauza exotikoak soilik irakurri nahi dituzte. Afrikako mendebaldeko modelo baten istorioa atera du Einaudi argitaletxeak oraintsu. Eta estereotipoz beteriko liburua da.

 

«Emakume delako eta etorkina delako, emakume etorkinak zapalkuntza bikoitza jasaten du»

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)