Erdialdeko Mediterraneoan erreskatatutako 700 bat migratzaile, lehorreratzeko portu baten zain

Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko Geo Barents ontziak eta SOS Méditerranée GKEko Ocean Viking ontziak 700 pertsona inguru erreskatatu dituzte Mediterraneoko erdialdea zeharkatzen ari zirela. Orain premiazko portu baten zain daude lehorreratzeko.

Gara, Naiz, 30-08-2022

700 pertsona inguru daude Mugarik Gabeko Medikuak eta SOS Mediditerranée GKEen ontzietan. Erdialdeko Mediterraneoan erreskatatu zituzten, eta orain presako portu baten zain daude lehorreratzeko.

Mugarik gabeko Medikuen Geo Barents ontziak 235 pertsona erreskatatu zituen hiru egunetan egindako sei operaziotan. «Haien artean haur txiki asko daude. Bide legalik eta segururik ez zegoenez, pertsona hauek babes bila eta etorkizun hobea lortzera behartuta daude», azaldu dute beren sare sozialetan.

Bestalde, SOS Méditerranée GKEko Ocean Viking ontziak pasa den astelehenean jakinarazi zuen azken orduetan sei pertsona hartu zituztela barkuan; besteak beste, bederatzi hilabeteko haurdun zeuden bi emakume eta hiru asteko neskatila bat. Lehenagotik ontzian ziren migranteak kontuan hartuta, 460 pertsona ditu orain porturatzeko zain. GKEak salatu du pertsona horietako askok tortura-zantzuak dituztela.

«Azken egunotan, Ocean Viking-ek 10 erreskate egin ditu 60 ordutan. Lur jota daude fisikoki eta emozionalki, baina bizirik atera diren 460 lagunek hainbeste behar duten laguntza jasotzen ari dira orain», azaldu zuen GKEak.

«Indarkeriatik ihes egin behar nuen»

SOS Méditerranéek erreskatatutako pertsona batzuen istorioak argitaratu ditu sare sozialetan: «16 urte nituela 40 urteko gizon batekin ezkontzera behartu ninduten. Zigarroekin erre eta behin eta berriz bortxatu ninduen», azaltzen du Zainab-ek. Duela lau egun antzeman zuten ontzi batean beste 56 pertsonarekin batera, tartean bere bi semeak.

«Ez nuen Europara joateko asmorik, baina indarkeria horretatik ihes egin behar zuen. Libian seme-alabekin batera bahitu ninduten. Askotan bortxatu ninduten, gizon askok. Jo ere egin gintuzten, eta burua hormen kontra zanpatu», azaldu du.

56.000 urtea hasi zenetik

Bestalde, Lampedusatik migratzaileak beste eremu batzuetara lekualdatzen jarraitzen dute asteburu honetan 2.000 pertsona inguru iritsi ondoren. Azken 48 orduetan, behera egin dute lehorreratzeek, baina Italiako uharte txiki honen identifikazio-zentroan 1.264 lagun daude oraindik, nahiz eta soilik 350 lagunentzako tokia duen.

Aurten 56.210 pertsona migrante iritsi dira Italiako kostaldera; 38.715 izan ziren iazko epe berean, Italiako Barne Ministerioaren azken datu eguneratuen arabera.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)