Errefuxiatu ukrainarren bi heren gerraren amaiera itxaroten ari dira Ukrainara itzultzeko

Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Agentziak (UNHCR) egindako inkesta baten arabera, errefuxiatu ukrainarren bi heren gerra amaitu dadin itxaroten ari dira beren herrialdera bueltatzeko.

Gara, Naiz, 13-07-2022

Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak burututako inkesta batek jakinarazi duenez, errefuxiatu ukrainarren bi herenek Ukrainatik kanpo jarraitzeko asmoa dute gerra amaitu arte.

Maiatza erdialdetik ekaina erdialdera bitartean Txekiar Errepublikan, Hungarian, Moldavian, Polonian eta Eslovakian bizi diren 4.900 errefuxiaturi egindako inkestak baieztatu duenez, ​iheslari gehienen nahia, emakume, zahar eta haurrena batez ere, Ukrainara itzultzea da.

Era berean, UNHCRren galdeketak erakutsi du inkestatuen %16ak datozen bi hilabeteetan Ukrainara itzultzea duela aurreikusita. Hala ere, bueltatzeko asmoa dutenen seitik bat behin-behineko bisita bat egitera joango dira, bertako senideei baliabideak helarazteko eta ebakuazio lanetan laguntzeko.

Bestetik, inkestaren emaitzen arabera, Kievetik eta herrialdearen mendebaldetik errefuxiatutako pertsonek itzultzeko asmo nabariagoa dute Ukrainaren ekialde eta iparraldeko biztanleek baino, non gatazkak gogorragoak diren.

Hori horrela, etxera itzultzeko nahia adierazi dutenen arrazoi nagusia egoerak hobera egin duenaren pertzepzioa da, eta ondoren, senideekin biltzeko nahia. Dena den, inkestatuen zati handi batek Ukrainaren etorkizunarekiko eta herrialdearen ezegonkortasun ekonomikoaren inguruko kezka adierazi du galdeketan.

Ukrainako gerrak 5,6 milioi pertsonako exodoa egin du, eta UNHCRren datuen arabera, ondoko herrialdeetan errefuxiatu dira: «1,5 milioi Errusian, 1,2 milioi Polonian, 867.000 Alemanian eta 388.000 Txekiar Errepublikan».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)