Jira Amagoia Iban

Ankerra ez

Berria, 20-07-2006

Aurreko batean egunkari honetan bertan irakurri zenuen, Ameriketako Estatu Batuetan ia inork ez duela heriotza zigorra auzitan jartzen, baina zigor hori «modu ankerrean» ezartzen denean asaldatu egiten direla asko. Irratia entzuten ari zarela gogoratu duzu, Maltatik gertu 51 pertsona itotzeko zorian aurkitu zituzten arrantzaleei buruz ari baita alkate bat: «Erabat babesgabe» daudela, «duintasun arazoa» dela eurena, senideek «pilatuta, jakirik gabe» ikusten dituztela… Arrantzaleak daude, bai, babes eta duintasunik gabe; itsaso zabalean hilzorian egon ostean inon hartu nahi ez dituzten 51 pertsona horiek ez. Prestige ontziak itsasoa pozoitu berritan PPk eskupekoz erosi zuen Galiziako Muxia herrikoa da alkatea, eta herrikide ditu Francisco y Catalina ontziko hiru arrantzale. Arrantzale horietako baten adierazpenak eman dituzte jarraian irratian. Nekatuta daudela, Espainiatik bi polizia joan zaizkiela ontzira, beraiek jasotako guztien jatorria eta nortasuna zehaztu nahian. Bidaiari alderraioi nonbait ostatu emateko ez, noski, atzera nora bidali behar dituzten erabakitzeko baizik. Halakoxea baita immigrazioaren arazoa: jende bati gure ontzi dotorean tokia «modu ez ankerrean» ukatzeko politika.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)