Ukrainarrei eman zaien aukera berdintasuna eskatu dute errefuxiatuek Parisen
Ukrainarrei Estatu frantsesak egin dien harreran aukera berdintasuna exijitu diote Gobernuari beste jatorrietako errefuxiatuek Parisen egindako manifestazioan. Justu egun berean, Gerald Darmanin Barne ministroak, atzerritarrak kanporatzeko legea aldatzeko nahia agertu du.
Gara, , 09-07-2022Afrikako eta Asiako errefuxiatuek Parisen larunbata honetan egindako manifestazio batean gerra dela-eta frantziar Estatuak bere mugen baitan hartu dituen ukrainarren eskubide berberak eskatu dituzte.
«Justifikaziorik gabeko gabeko tratu-desberdintasuna dago», salatu dute errefuxiatuekin lan egiten duten bederatzi Gobernuz Kanpoko Erankunde talde batek ohar batean, eta deitoratu egin dute ukrainarrentzat behin-behinean irekitako instalazioak ixten ari direla, beste jatorri batzuetako pertsonak kalean baldintza txarretan bizi diren bitartean.
Ehun errefuxiatu inguru, bereziki afrikarrak, bildu dira Versaillesko Atea ukrainarrentzako harrera-zentroaren aurrean, Paris hegoaldean, non ehunka plaza libre dauden.
Versaillesko Atea ukrainarrentzako harrera-zentro horretan 300 eta 500 plaza libre inguru daude, eta agintariek «kategorikoki errefusatu» dute ukrainarrak ez diren beste errefuxiatuak hartzea, aipatu komunikatuaren arabera.
Gaineratu dutenez, ukrainarrentzat prestatutako Bercyko eta Ekialdeko Geltokiko ostatu-zentroak itxi egin dituzte halaber, eta agintariek ez dute beste batzuei irekitzeko asmorik azaldu.
Bien bitartean, «ehunka» errefuxiatu daude Parisko kaleetan ahal duten moduan bizirauten. Kasu batzuetan familiak osorik dira, haurdun dauden emakumeak ere badira, baita haurrak ere, «ukrainarrek izan duten babes bera gabe».
Atzerritarrak kanporatzeko aukera
Parisko kaleetan «herritartasun guztietako errefuxiatuen arteko tratu-berdintasuna» eskatzen zen bitartean, Gerald Darmanin Barne ministro frantsesak adierazi du exekutiboa «ekintza larriak egin dituen edozein atzerritar» Hexagonotik kanporatzeko aukera aztertzen ari dela, adin-murrizketak bertan behera utziz.
«Auzitegiek gertakari larri baten errudun deklaratutako edozein atzerritar kanporatzea baimendu nahi dugu, lurralde nazionalean duen presentzia edozein izanda ere», jakinarazi du ‘Le Monde’ egunkariari larunbata honetan eskainitako elkarrizketa batean.
Ministroak gogorarazi duenez, atzerriko herritar bat ezin da kanporatua izan baldintza jakin batzuk betetzen baditu, hala nola 13 urte bete baino lehen Estatu frantsesera iristen bada. Darmaninek muga hori ezabatu nahi du.
(Puede haber caducado)