AEB-AK
Gutxienez 46 migratzaile hilik topatu dituzte kamioi batean
Ibilgailuak ez zuen aireztapenik eta beroak itota hil direla uste dute agintariek
Berria, , 28-06-2022Gutxienez 46 pertsona topatu dituzte hilik San Antonio (Texas, AEB) errepide bazterrean abandonaturiko kamioi batean. Larrialdi zerbitzuek esan dutenez, litekeena da beroak eta deshidratazioak hil izanak, aireztapenik gabeko kamioian zeudelako gorpuak, eta urik gabe. Azken egunotan ia 40 graduko tenperaturak pairatu dituzte inguruan.
Beste 16 pertsona erietxera eraman dituzte. Lau haur daude horien artean.
Mexikoko mugatik gertu dago San Antonio (250 kilometrora), eta lehenengo hipotesien arabera, handik letorke etorkinez beteriko kamioia. Mexikoko agintariek esan dutenez, erietxera eramandakoen artean Guatemalako bi herritar daude, baina ez dute esan gainerakoak nongotarrak ziren.
Euskal Herrian gauerdia zenean heldu dira larrialdi zerbitzuak kamioira. Gidariak abandonatu egin zuen. Agintariek ez dakite zenbat denbora pasa zuten etorkinek kamioiaren barruan.
Hiru pertsona atxilotu dituzte gertaerarekin lotuta, San Antonioko Poliziako buru William McManusek baieztatu duenez. Hiriko alkate Ron Nirenbergek etorkinak mugaz gaindi eramaten dituzten sareei leporatu die ezbeharraren erantzukizuna.
Lehen ere gertatu dira halakoak San Antonion. 2017an, hamar etorkin topatu zituzten hilik antzeko kamioi batean.
Texasko prentsaren arabera, kamioia topatu duten lekuan ohikoa da ibilgailuak gelditzea etorkinak jaisteko, muga legez kanpo igaro ostean.
(Puede haber caducado)