«Aita Mari»-k, 112 lagunekin, Sizilian lehorreratzeko baimena jaso du

Gara, Gara, 23-06-2022

Erreskatatutako 112 pertsonak lehorreratzeko portu bat behin eta berriz eskatzen aritu ondoren, “Aita Mari” ontziak atzo arratsaldean jaso zuen horretarako baimena. Edizio hau ixtean, Itsas Salbamendu Humanitarioaren ontzia Augustara zihoan (Sizilia), eta han lehorreratuko dira gaur.

Azken salbamendu-misioa joan den ostiralean egin zuten; jitoan zihoazen txalupa txiki bateko 45 pertsona erreskatatu zituzten, eta ordutik tripulazioak behin eta berriz eskatu du lehorreratu ahal izatea. Tripulatzaileetako batzuek astebete baino gehiago zeramaten ontzian, ekainaren 14tik, hain zuzen ere.

Izaskun Arriaran Itsas Salbamendu Humanitarioko presidenteak adierazi zuenez, lehorreratzeko baimena jaso aurretik, egoera zaila zen ontzian, atzo goizean erreskatatuen artean bizi izandako tentsioaren ondorioz; izan ere, hainbatek egun asko zeramatzaten espazio txikian eta baldintza zailetan.

Ordu batzuk geroago, Itsas Salbamendu Humanitarioak jakinarazi zuenez, Italiako agintariek, azkenean, onartu zuten ontzia portu batean sartzea migranteak herrialdean lehorreratzeko. «Beharrezkoa ez zen itxaronaldia eta sufrimendua eragin dute, portua esleitzea ezinbestekoa baitzen», zioen gobernuz kanpoko erakundeak hedabideei igorritako oharrean.

SMHk azaldu zuenez, oharra bidali zutenean ontzia Siziliako Augustako porturantz zihoan, eta erreskatatu dituzten pertsona guztiek «lur sendoa eta segurua zapalduko dute».

Halaber, gobernuz kanpoko erakundeak eskerrak eman dizkio «gizarteari, komunikabideei, gobernuz kanpoko erakundeei eta zenbait alderdi politikori, hainbat esparrutan emandako babesagatik». «Bozgorailu izan dira eta, horri esker, azkenean portua esleitzen lagundu dute», gaineratu zuen Itsas Salbamendu Humanitarioak.

«‘Aita Mari’-k elkartasun horren motorrari esker nabigatzea lortzen du», esan zuen SMHk, gaineratuz eginkizuna oraindik ez dela amaitu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)