Migratzaileak

'Aita Mari' Lampedusara bidean da beste 40 migratzaile erreskatatu ondoren

Beste erreskate bat egin du 'Aita Mari' ontziak: 40 migratzaile erreskatatu ditu. Italiak oraindik ez du eman porturatzeko baimenik, baina Lampedusa uharterako bidean da ontzia.

Berria, Berria, 16-06-2022

Azken egunotako erreskateekin, jada 68 dira Aita Mari erreskate ontzian diren migratzaileak. Ekainaren 6an abiatu zen, eta ontziak hiru egunetan erreskatatu ditu migratzaileak: 11 lehen egunean, hamazazpi bigarrenean, eta 40 hirugarrenean.

Bart gauerdian egin du azkena eta hiru erreskateetan handiena: abisua jaso, eta ordu eta erdi behar izan zuten migratzaileak ziren tokira iristeko. Adin txikikoak eta mugikortasun mugatua duen pertsona bat ziren tartean.

Italiak oraindik ez du eman porturatzeko baimenik, baina, edonola ere, Lampedusa uharterako bidean da Aita Mari, migratzaileak utzi eta behar duten mediku arta jaso dezaten.

Beste bi erreskate

Atzo, beste hamazazpi migratzaile hartu zituen Mediterraneoan. Goizean goiz jaso zuten abisua, haiengandik hamabost itsas miliara 100 bat pertsona zeramatzan gomazko txalupa bat zegoela esanez. Libiako agintariek ere aldi berean jaso zuten deia, eta horregatik joan ziren leku horretara. Libiako patruilaontzi bat joan zen, eta han ziren migratzaileetako hamazazpik txalupatik jauzi egin zuten. Azkenean, Aita Mari erreskate ontziko tripulazioak erreskatatu zituen.

Herenegun ere 11 lagun hartu zituen. Goizaldean jaso zuten abisua, 05:00etan, eta 06:00etan topatu zituzten, hondoratzear zegoen txalupa batean. Guztiak onik topatu zituzten, baina abisu eman zieten haiekin batera beste hainbat ontzi ere abiatu zirela Libiatik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)