Hegoaldeko Afrikako emakumeen eta nesken bizitzari buruzko erakusketa birtuala iristear da Getxora

Ongi Etorri Errefuxiatuen laguntzarekin Udalak antolatutako jarduera-programaren barruan udalerrira iritsiko den erakusketa birtualak Pertsona Errefuxiatuen Munduko Eguna ospatzeko balioko du, ekainaren 20an

El Correo, ZUREKIN, 17-06-2022

Lekualdatze behartua Saharaz hegoaldeko Afrikako emakumeen eta nesken bizitzan: Kausak eta ondorioak’ izeneko erakusketa jarriko du martxan Getxok, ekainaren 20an, Pertsona Errefuxiatuen Munduko Eguna ospatzeko. Ongi Etorri Errefuxiatuen laguntzarekin Udalak antolatutako jarduera-programaren barruan udalerrira iritsiko den erakusketa birtuala da hori, eta, egun horretan, omenaldia egingo zaie munduan indarkeriaren, gerraren eta jazarpenaren ondorioz desplazatutako pertsonei. Datuek erakutsi dutenaren arabera, aurten, historian lehen aldiz, gatazketatik, indarkeriatik, giza eskubideen urraketetatik eta jazarpenetik ihes egitera behartutako pertsonen kopurua 100 milioitik gorakoa izan da, Ukrainako gerrak eta beste gatazka batzuek bultzatuta.

Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziak ekimenaren aurkezpenean nabarmendu duenaren arabera «Udaletik sentikorrak izan behar dugu eta Getxora iristen diren errefuxiatuei laguntza eman behar diegu, migrazio-prozesu bakoitzaren atzean pertsonak daudelako, eta errefuxiatuek, kasu askotan, urrakortasun larriko egoeretatik, gerra-gatazketatik edo muturreko bazterkeria-egoeretatik ihes egitea bilatzen dutelako. Azken batean, beren herrialdeetatik ateratzen dira beren bizitzak eta familienak salbatzeko, eta itxaropenerako bidaian murgiltzen dira». Ildo horretan, gaineratu du «harrera-hiria izatea dela Legegintzaldiko Planetik bultzatu dugun ardatzetako bat. Horregatik, Gizarte Kohesioaren arlotik, Getxoko Migrazioen Harrera eta Arreta Bulegoak egiten duen lan handia nabarmendu nahi dugu, zerbitzu hori aitzindaria baita Euskadin».

Erakusketa birtualak Kongoko 5 emakume eta nesken ihesaldiaren esperientzia erakutsiko du, haien testigantzen bidez. Horietako bat Bizkaian bizi da, eta FAMEK Kongoko emakumeen elkarteko kidea da. Bizitzaren istorio guztien gidaria izango da, eta bere oroitzapenez, bere herrialdeko egoeraz eta emakumeei nola eragiten dien azalduko du ekainaren 22an, asteazkenean, arratsaldeko 18.30ean, Villamonteko Kultur Aretoan egingo den aurkezpen ekitaldian. Jardunaldia interesdunei irekita egongo da, tokia bete arte.

Bestalde, larunbatean eta igandean, hilaren 18an eta 19an, urdinez argiztatuko dira udalerriko hainbat eraikin eta toki enblematiko, hala nola Areetako kaia, eta Portu Zaharreko, Usategiko, Areneko eta Aiboako igogailuak, elkartasunezko keinu gisa, zeinari hainbat hiri gehituko baitzaizkio mundu osoan. Horren helburua 100 milioi iheslari, asilo-eskatzaile eta barne-desplazatuen egoera ikusarazten laguntzea da, baita hartzen dituzten herrialdeetan beren bizitzak berregiteko zailtasun handiak gainditzen dituztenei omenaldia egiten laguntzea ere.

Hala udaletik herritarrak gonbidatu nahi dituzte argiztatutako monumentuaren argazki bat egitera eta sareetan partekatzera, errefuxiatuen aldeko desio edo mezu solidario batekin, #NocheAzul #ConLosRefugiados traolekin batera.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)