Errefuxiatuak

Harrera duina eskatzeko gau osoko kontzentrazioak hasi dira

Euskal Herriko zazpi hiritan egingo dituzte, migratzaile taldeek eta harrera sareek deituta. Bizitza duina eta bidezkoa denontzat! Edonon! dute lelo.

Berria, Maite Asensio Lozano, 08-06-2022

Elkarretaratze berezi bat abiatu dute gaur iluntzean Euskal Herriko zazpi hiritan: hainbat lagunek kalean egingo dute lo, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuari harrera baliabideak eskatzeko. Izan ere, etorkin askoren errealitatea da kalean lo egin behar izatea, eta horregatik, gobernuoi galdegin diete migratzen ari diren zein bertan geratzea erabaki duten pertsonen «oinarrizko eskubideak berma» ditzatela, batez ere, «etxebizitza duinik ez dutenentzat»: «Premiazkoa da planek baliabide eta aurrekontu nahikoak izatea». Hala, 20:00etatik aurrera mobilizazioak egin dituzte Bilbon, Barakaldon, Arteagan (Bizkaia), Donostian, Irunen (Gipuzkoa), Gasteizen eta Iruñean, eta ondoren, lo zakuak antolatzen hasi dira, gau osoko elkarretaratzeak egiteko.

Bilbon, adibidez, manifestazio baten bidez hasi dute protesta: Plaza Biribiletik abiatu dira udaletxerantz, eta hainbat geldialdi egin dituzte: hiriburuaren erdigunean salatu dute gizarteak «periferian» nahi dituela migratzaileak, Atzerritarren Bulegoaren alboan «traba burokratikoak» deitoratu dituzte, eta itsasadarrean gogora ekarri dute migratzeko bideetan ez dela segurtasunik. Donostian txalapartaz eta bertsoz goxatuko dute giroa; Iruñean, berriz, salda eskainiko dute afaltzeko, eta musika emanaldiren bat ere izango dute. Bihar 07:00etan hasiko dira gosaria prestatzen.

Pertsona arrazializatuen eta migratuen kolektiboek eta harrera sareek egin dute deialdia; besteak beste, Ongi Etorri Errefuxiatuak, SOS Arrazakeria, Mbolo Moye Dole, Donostiako Kaleko Afari Solidarioak, Basoa eta Agharas taldeak batu dira. Erakundeon arabera, egun 500 lagun inguru daude etxerik gabe eta erroldatzeko arazoekin, eta gainera, «Poliziaren jazarpena» jasaten dute, «hain agerian ez dauden beste leku batzuetara joan daitezen lo egitera». Atzerritar legea egin dute egoera horren errudun: «Arrazakeria instituzionalaren adierazpen gorena da, eta milaka pertsonari galarazten die beren bizi proiektuak garatzea». Salatu dute, gainera, Hego Euskal Herriko udalek eta instituzioek ez dutela harrera eta gizarteratze planik, nahiz eta EAEn Migrazioaren aldeko Euskal Ituna sinatua duten eta Nafarroan harrera diagnostikoak egin dituzten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)