AEB-AK
18 urteko gazte batek gutxienez hemeretzi haur eta bi heldu hil ditu Texasko ikastetxe batean
Uvalde hirian izan dira hilketak, AEBetako hegoaldean. Hiltzaileak bere amonari egin dio tiro eskolan sartu aurretik. Poliziak hil du.
Berria, , 25-05-2022Albiste lazgarri batekin esnatu dira gaur Amerikako Estatu Batuetan: Uvalde hiriko lehen hezkuntzako Robb ikastetxean, Texasen, 18 urteko gazte bat errifle batekin sartu da, eta gutxienez hemeretzi haur eta bi irakasle hil ditu. Hildakoak gehiago izan daitezke, hainbat zauritu erietxean artatzen ari baitira. Tartean, Salvador Ramos erasotzailearen amona: ikastetxean sartu aurretik, hari egin dio tiro hiltzaileak. Ospitaleratu egin dute, eta larri dago.
Texasko Segurtasun Departamentuak azaldu duenez, Poliziak hil du Ramos: «Haren ibilgailuak pareta jo du ikastetxetik gertu. Orduan, autotik irten da erriflearekin, eta berriz ikastetxean sartzen saiatu da; orduan eraitsi du Poliziak», azaldu du Erick Estrada sargentuak. Uvaldekoa bertakoa zen. San Antoniotik 133 kilometrora dago hiri hori.
Ikastetxera erriflearekin, balen aurkako barneko batekin eta motxila batekin sartu da, goizeko 11:30ak pasatxo zirenean. Hainbat ikasgelatara sartu da tiroka, eta ondoren ikastetxean lubakitu da. Hainbat Polizia ere zauritu ditu.
Bizirik irten diren hainbat lagun inguruko erietxeetan daude, baina jada 2012tik AEBetan izan den sarraskirik handiena da. Ordukoan, 20 urteko Adam Lanzak hogei haur eta sei heldu hil zituen, Connecticuteko Sandy Hook ikastetxean.
Besteak beste, Joe Biden AEBetako presidenteak hitz egin du gaiaz, nazioari zuzenduz: galdetu du ea noiz egin behar dion herrialdeak aurre armen lobbyari.
(Puede haber caducado)