Larrepetit. Castillo Suarez

Ez-herritarrak

Berria, 18-07-2006

Nicolas Sarkozyk bere alderik eskuzabalena eta errukitsua erakutsi du egunotan; Frantziako Estatuan era irregularrean bizi diren haurren egoera legeztatuko du, baina betiere baldintza anker bat jarrita: gurasoen jatorrizko herriarekin loturarik izan ez, eta frantsesa besterik ez hitz egitea. Sarkozyri oharkabean pasatu zaio hizkuntza bat ez dela bat-batean ikasten. Hizkuntza bat ikastea hura erabiltzeko nahiarekin dago zuzenki lotuta, eta, beraz, hizkuntzarekiko motibazio eta jarrera positiboak ezinbestekoak dira. Baina nola ikasi hizkuntza bat ez badizute herritartasun eskubiderik aitortzen? Ez baldin bazaude frantses herritarrekiko berdintasun egoera batean? Jendarteari egiten diozun ekarpena eskulanera mugatzen baldin bada? Etorkinen kasuan hizkuntza ikasteko metodologia gorabehera, harrera gizarteko harreman sozialetan parte hartu ahal izatea erabakigarria da hizkuntza ikasteko. Sarkozyk ez du jabetu nahi izan beren identitatea eta beren kultur ezaugarriak mantentzen dituzten etorkinak errazago integratzen direla, eta, ondorioz, lehenago ikasten dutela hizkuntza. Berak justu kontrakoa du burutan: hizkuntza erabili etorkinei naziotasuna, eta, bidenabar, herritartasuna aitortzeko. Horrela, gizarte batean parte hartzeko, eta, hortaz, hizkuntza batera hurbiltzeko aukerarik ez die utzi, eta, gainera, haien identitatea ezabatzera behartu nahi ditu; bestela esan, hizkuntza ikasteko bidea zaildu, eta horrela eskubiderik aitortu ez.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)