Etxegabeak

Miarritzen etxegabe bati eraso egin diote azidoarekin, eta larri ospitaleratu dute

Erasoa goizaldean gertatu da. Poliziak herritar bat atxilotu du, biktima hiltzen saiatzea leporatuta.

Berria, Uxue Rey Gorraiz, 11-05-2022

Gizonezko etxegabe bati eraso egin diote goizaldean Miarritzen (Lapurdi). Jipoitu eta erre egin dute, azidoa baliatuta. Baionako Fiskaltzak zabaldutako informazioaren arabera 04:00 aldera gertatu da erasoa, kostaldetik hurbil. Zehaztu dutenez, handik ordu gutxira beste gizonezko bat atzeman dute erasotzailea delakoan. Polizia etxean da atxiloturik, eta etxegabea hiltzen saiatu izana leporatu diote.

Biktimak zauri larriak ditu gorputzean. Erasoa gertatu eta gutxira bertaratu dira larrialdi zerbitzuak, eta Bordeleko ospitalean erietxeraturik da ordutik. Osasun zerbitzuek ez dute xehetasunik eman gizonezkoaren osasun egoeraren gainean; oraingoz, larri dela baizik ez dute jakinarazi.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)