Migrante baten bila ari dira Bidasoa ibaiko uretan
Ertzaintzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Larrialdi Zerbitzuak dispositibo bat plantan ezarri dute joan den apirilaren 18an desagertu izanen litzatekeen gazte migrante bat atzemateko. Iduriz, Endarlatsan erori zen Bidasoara, Lapurdira pasatzen saiatzen ari zenean.
Gara, , 27-04-2022Ertzaintza Bidaso ibaian gaindi migrante baten bila ari da, dirudienez gaztea Lapurdira pasatzeko helburuz, uretara erori izanen bailitzateke. Polizia iturri horien arabera, bilatzen duten pertsona beste bi migranterekin batera Lapurdira pasatzen saiatu izanen litzateke, Endarlatsako inguru malkartsu batean.
Lakuako Gobernuaren Larrialdi zerbitzu teknikoak, Ertzaintzaren erreskate eta zaintza unitatearen sail akuatikoa eta Hondarribiko Gurutze Gorria Bidasoa ibaia behatzen ari dira. Ertzaintza Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiaren artean ari da lan horietan eta Gurutze Gorria Bidasoaren bokalea eta Faisaien uharte inguruetan.
Desagerturiko pertsonarekin batera zeuden kideek migranteak laguntzen dituen Gobernuz Kanpoko Erakunde bati jakinarazi zioten gertaera asteartean. Geroztik plantan ezarri dituzte gaztea atzemateko bilaketa lanak.
Informazio nahasiak
Josune Mendigutxia Irungo Harrera Sareko kideak Naiz atariari azaldu dionez, Lapurdira arribatzeko saiakeran beste migrante baten heriotzaren aukeraren berri jaso zuten. «Baina ezin izan dugu deus zehatzik jakin. Beste migrante batzuk aipatu zutenez, pertsona bat mendian edo trokarte batean erori zela genekien, lerratu zela eta ibaira erori izanen litzatekeela. Astean zehar gertaera argitu eta egiaztatu nahi izan dugu, baina ez dugu kausitu».
Mendigutxiaren arabera, bost ziren muga zeharkatzen entseatzen ari ziren pertsonak, «baina mutilak joan egin dira eta ez dakigu beste ezer. Ez ziren guretik pasa eta nor diren ere ez dakigu», gaineratu du ekintzaileak.
Bidasoa ibaian beste tragedia bat baieztatuko balitz, azken urtean muga zeharkatzen entseatzen hilko litzatekeen bederatzigarren migrantea litzateke. «Ikusiko dugu urtea nola joatean den, heldu den jendearen arabera, arriskua handiagoa edo ttipiagoa baita», adierazi du Irungo Harrera Sareko kideak.
Josune Mendigutxiak dio azken hiru asteetan jende gutiago arribatzen ari dela, «nahiz eta arrazoia ez dugun jakiten». Bere arabera, Europara ailegaerak apaldu dira eta Kanariar Uharteetara kasik ez da inor sartzen. «Entseatzen ari direnen artean, jende anitz hiltzen ari da, pateretan itotzen ari direlako», deitoratu du.
(Puede haber caducado)