Arrazakeria desagertzeko neurriak

Berria, 16-07-2006

Arrazakeria desagertzeko neurriak

Aurrekoan Euskal Telebistan etorkinei buruzko erreportajea ikusi genuen. Bertan, etorkinak gure artean nola bizi diren azaldu zen. Paperak, lana, hezkuntza, euskara, etxebizitza, kultura eta beste hainbat arlo agertu ziren.

Ondarroan bizi diren etorkinek ere euren ikuspuntua eman zuten. Besteak beste, paperak lortzeaz gain, etxe bat alokatzeko dituzten zailtasunak aipatu zituzten.

Bai, denok ditugu zailtasunak etxeak alokatzeko, baina etorkinen kasuan areagotu egiten dira oztopoak. Izan ere, beste gauza askoren artean, pertsona batzuek etorkinen beharraren aurrean diru iturri paregabea ikusten dute. Horrela, etorkin askori pertsonako kobratzen diete alokairua, nahiz eta logela propiorik ez izan. Edo garajeak, bodegak edo edozein tokik balio du etxebizitza bezala alokatzeko.

Baina instituzioek zer egiten dute honen aurrean? Aurreko legealdian barnetegia izandakoa etorkinen aterpetxea izatea onartu bazen ere, orain ezetz diote. Ez dela toki egokia. Noski, hobe da inolako neurririk ez hartzea etorkinen egoera hobetzeko.

Eta hau gutxi balitz bezala, orain Lea – Artibaiko Inmigrazio Zerbitzuko teknikaria kaleratu egin dute. Izugarrizko lana egin ondoren, hau ere bertan behera gelditu da. Gainera, kontuan hartuta Udalean Inmigrazio Batzorderik ez dagoela, ideia zoragarria dela deritzogu. Arrazakeria eta xenofobiaren aurka aritzeko era paregabea. Instituzioek etorkinei gizarte – laguntza emanda nahikoa dela uste badute, gai hau orokortasunean eta bere konplexutasunean landu gabe, zer espero dugu? Arrazakeria berez desagertzea?

­ Alazne Artetxe eta Ion Iñaki Artetxe. Ondarroa

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)