Errefuxiatuak

Aita santuak 'Miñan' liburua gomendatu die zenbait kazetariri

Frantzisko aita santua Maltan izan da egunotan, errefuxiatuentzako harrera zentroak bisitatzen. Bueltako bidaiari lotu aurretik eginiko hizketaldian, adierazi du Ibrahima Balderen eta Amets Arzallusen liburuak «ederki» jasotzen duela auzi hori.

Berria, Uxue Rey Gorraiz, 04-04-2022

Frantzisko aita santuak Ibrahima Balderen eta Amets Arzallusen Miñan liburua irakurri du. Hala ondorioztatu liteke, behintzat, haren ahotik ateratakoak adituta. Are gehiago, irakurri bakarrik ez, aholkatu ere egin du lan hori. Hegazkineko korridore batean egin du gomendioa, zenbait kazetariren aurrean. Han zenetako batek bideo batean jaso ditu aita santuaren hitzak, eta Blackie Books argitaletxeak zabaldu du pieza, Twitterren.

Aita santua Maltan izan da berriki, errefuxiatuentzako harrera zentroak bisitatzen. Hain zuzen ere, handik Vatikanorako bidea abiatzekoa zenean egin du liburuaren gomendioa. Ukrainako gerra abiapuntu harturik, Mediterraneoa zeharkatzeko ahaleginean izaten diren migranteak izan ditu hizpide Frantziskok, eta, horiei buruzko hausnarketa betean, zehaztu du Miñan-ek ederki jasotzen dituela pertsona horien bizipenak eta minak.

«Ukrainako errefuxiatuekin egiten ari den moduan, Europak berdin jokatu beharko luke Mediterraneotik datozen errefuxiatuekin. Berdin egin behar lieke harrera. Eginiko bisita honetan, testigantza asko aditu ditut, sufrimendua ikusi, eta entzundakoek asko hunkitu naute. Bizipen horiek lehenago aipatu dizuedan liburuxkan hain ongi jasota daudenen antzerakoak dira. Miñan-ek pertsona horien gurutze bideak kontatzen ditu», azaldu du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)