Asilo eskubidean generoa kontuan hartzeko kanpaina

Gara, 16-07-2006

Hainbat arrazoi direla medio, badira jatorriko herrialdetik ihes egin eta babes bila beste lurralde batera joaten direnak. Errefuxiatutzat jotzeko jazarpen arrazoietan, ordea, generoa ez da kontuan hartzen, eta horrek emakumearen aurkako abusu asko ezkutatzen ditu. CEAR erakundeak abusu horien aurka egiteko kanpaina abiarazi du.

DONOSTIA


Urteetan emakumeak jasan duen zapalkuntzaren aztarnak ikus daitezke oraindik XXI. mendean. Lurralde askotan genero diskriminazio hori jazarpenera iristen da, eta emakumeak ihes egin behar izaten du beste lurralderen batera babes bila. CEAR erakundeak aztertzen du gai hori.

CEAR 1979. urtean sortutako gobernuz kanpoko erakundea da, eta zenbait ordezkaritza ditu estatu osoan; horietako bat Bilbon dago. Bere helburu nagusia asilo eskubidea bermatzea da, eta horren aldeko borrokaren haritik dator orain martxan jarri berri duen kanpaina.

Kanpaina horrek genero arrazoiengatik jazarritako emakumeei asilo eskubidea aitortzea du helburu. Kanpainak presio politikoa eragin nahi du, hiru helburu lortzeko asmoz: asilo eskubidean eta haren prozeduretan genero ikuspegia sar dadin sustatzea, genero arrazoiengatiko jazarpena zer den jakinaraztea eta Estatu espainoleko Gobernuak jazarpen hori benetan aitortzea.

Kanpaina horren atzean lobby talde bat eratu dute; izan ere, erakunde publikoek eta beste zenbait erakundek hartzen dute parte bertan, ahalik eta presio handiena egin nahian. Bi ekintza ildo bereizten dituzte kanpainan: batetik, barne jarduerak, erakunde bakoitzak bere kabuz eta bere inguruan aurrera eramango dituenak, eta, bestetik, kanpokoak, gainerako erakundeekin koordinatuta Estatu espainoleko Gobernuari presioa egiteko egingo dituztenak.

CEAR – Euskadik honakoa azaldu du: «Garrantzi handiko unea da hau, Asilo Legea berehala aldatuko dutelako eta ekainean jatorriko herrialdean genero indarkeria jasan zuen emakume bati errefuxiatu estatutua aitortu zaiolako.»

2005. urtean Estatu espainolak ez zien babesik eman nahi izan beren eskubideak urratu zitzaizkien eta ondorioz ihesi zihoazen emakumeei, nahiz eta asilo estatutuan babesa ematea onartuta egon. Ildo horretatik, eta genero ikuspegia asiloa eskatzeko prozeduretan sartzeko, zenbait proposamen egiten ditu gobernuz kanpoko erakundeak.

Proposamen horiek bost puntutan laburbildu ditu. Besteak beste, estatuak genero arrazoiengatiko jazarpenari buruzko prozedurazko jarraibide batzuk formulatzea iradokitzen du, ondoren gainerako eragileek horiek jarrai ditzaten. Era berean, generoari buruzko jarraibideei jarraipena egiteko sistema bat ezartzea ere proposatu du. Asiloari buruzko Estatu espainoleko araudia aldatzeko ere eskatu du, ACNURen jarraibideekin bat etor dadin.

Generoa, jazarpen arrazoietatik at

CEARek azaldu duenez, II. Mundu Gerraren ondoren hartu zuen lehen aldiz nazioarteko komunitateak erantzukizuntzat jatorriko herrialdetik ihes egin behar zuen jendearen egoera. 1951n sortutako Genevako Konbentzioan errefuxiatua zer den definitu eta errefuxiatutzat hartzeko jazarpen arrazoiak zehaztu zituzten; hori da Estatu espainoleko eta Europako legeria gehienetan asilo – eskubidea aitortzeko oinarria.

Hala ere, oraindik jazarpen arrazoi horietan genero ikuspegia ez da kontuan hartzen. –

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)